Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

«Diamond Princess» ontziaren mendekua

Inon ez dut aurkitu asmo jasoagoko hausnarketarik: nolako aukera galdu zen zetorren pandemiaren «laborategi» hura aprobetxatzeko

Tokioko Joko Olinpikoak egingo direla, bai, baina zuzeneko espektadorerik gabe, entzun nuenean, hitz bi bururatu zitzaizkidan: “Diamond Princess”.

Aspaldi-aspaldiko kontua badirudi ere, hemezortzi hilabete besterik ez dira igaro. 2020ko urtarrileko azken astea zen. Wuhan hiria lehendabizi, haren ingurukoak ondoren, Hubei osoa geroxeago, erabat konfinatuta zeuden; eta Txina osoa zegoen jada larrialdi egoeran. Inguruko herrialdeak ere, alerta gorenean. Izurrite larria zetorrela oso argi zegoen.

“Diamond Princess” luxuzko gurutzaontzia, bandera britainiarra, jabe estatubatuarra, mila laguneko eskifaia, hilaren 25eko arratsean Hong Kongetik abiatu zen sorterriko askotariko 2.700 bidaiarirekin; Vietnamera lehendabizi, Taiwanera ondoren eta azkenean Japoniara itzultzeko otsaileko lehen egunetan.

Ordurako, katramila martxan zegoen. Yokohaman urtarrilaren 20an ontziratu eta Hong Kongen 25ean geratu zen 80 urteko pertsona batek sintomak izan zituen ondorengo egunetan eta positibo eman zuen urtarrileko hondarrean testa egin ahal izan zitzaionean. Otsailaren 5ean, berrogeialdia ezarri zioten “Diamond Princess” gurutzaontziari bere bidaiari guztiekin Japoniako osasun-agintariek Yokohamako portuan. Ondorengo asteetan, 712 positibo (3.700 bidaiari eta eskifaia-kideen artean) eta 14 heriotza (bidaiariak guztiak) izan ziren ontzikoen artean.

Dezente idatzi da gertaera hari buruz. Oso kritiko gehienetan. Baina betiere, zortziko txikian: zein trakets antolatu zen berrogeialdia, zein desegokia zen ontzia horretarako…

Inon ez dut aurkitu asmo jasoagoko hausnarketarik: nolako aukera galdu zen zetorren pandemiaren “laborategi” hura aprobetxatzeko; zein ikaskizun gutxi atera zen gaixotasunaren portaera nahiz jatorria aztertzeko…

Baina uda hartako Joko Olinpikoak salbatzea izan zen une hartan erabateko lehentasuna, batzuentzat. Eta “Diamond Princess”-eko kutsatuak eta hildakoak Japoniakoen artean ez zenbatzea ere lortu zuen norbaitek.

Irabaziko zuen zerbait.

Bilatu