Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Enrico Mattei, 60 urte geroago

Hilketatzat ebatzita dago ofizialki Matteiren heriotza. Baina hiltzaileak ezin dira izendatuki zehaztu… garaiko Defentsa ministro Andreottik aztarnak desagerrarazten egindako lanari esker.

Cop26 goi-bilerarekin bat etorrarazi du halabeharraren bihurrikeriak. Baina ez dakit Glasgown inork jaramonik egingo ote dion, han hizpide izan diren gai batzuen testuinguru historikoa gogorarazteko primerakoa bada ere.

Bilaketak egiteko polizia-zakur baten usaimenean egon da abiapuntua. Errutinazko trebakuntza-ariketak egiten ari zirela, Etna sumendiaren maldako kobazulo makur batean, Cataniatik gertu, giza gorpuzki batzuk aurkitu zituen zakurrak. 1970eko hamarkadakoa izan behar lukeela adierazten zuten aztarna batzuekin batera, sudur eta ahoko hezurduran bereizgarri nabarmenak zituen zenduak. Horrek berehala hizpidera ekarri du, kontraesanak baleudekeen arren, haren izena izan daitekeena: Mauro de Mauro kazetaria, 1970 irailean Palermon bahitua eta harrezkeroztik desagertua eta ofizialki hiltzat emana. Eta serie baten gidoia egiteko moduko biografia bitxiaren jabea ez ezik inori ahaztuko ez litzaiokeen sudur-ezpainaldea zuen pertsonaia.

Italiako bizimodu politiko-sozialeko misterio handienetakoa den hori, haatik, beste misterio potolo batekin legoke zuzen-zuzenean lotuta: 1962an ENI energia-enpresa publikoaren buru zen Enrico Mattei-ren heriotza erakarriko zuen hegazkin «istripuarekin». Hain zuzen ere, Francesco Rosi-ren “Il caso Mattei” filma izango zenaren gidoirako ikerketa-lana burutzen ari zen De Mauro, desagerrarazi zutenean. Itxura guztien arabera, egiara gehiegi hurbildu zelako.

Gaur egun, hilketatzat ebatzita dago ofizialki Matteiren heriotza. Baina hiltzaileak ezin dira izendatuki zehaztu… Andreottik, garaiko Defentsa ministroak, aztarnak desagerrarazten egindako lanari esker, hein handi batean.

Hamaika hipotesi landu dira Matteiren hilketaren inguruan, baina guztietan agertzen da hark «Zazpi Ahizpak» deitu zituen petrolioaren munduko oligopolioarekin izandako jazargoak. Eta, orokorragoan, duela hirurogei urteko energiaren negozioko borroka gupidagabeak.

Ez dira horrenbeste aldatu gauzak harrekeroztik. Jamal Khaxoggi lekuko.

Bilatu