Gaztigu ikaragarria
Altaitik, Errusia eta Kazakhstanekiko mugatik, Nepaleraino, doan G216 errepide txinatarraren akabuko muga instalazioetako segurtasun kamerek, satelitez ziurrenik (nola bestela?), helarazi zizkien irudi apokaliptikoak, batzuk bederen, segituan, hedabideetan argitara emateko erabakia hartu zuenak, aginpide handia ez ezik, bazuen asmoren bat buruan.
Horrelako kontuetan narratzaile orojakilearen plantak egiten dituztenak gorrotagarriak zaizkidanez, aitortuko dut, aldez aurretik, ez dakidala nor izan zen ahaldun hori. Baina irudiak argitaratzearekin bat-batera Xi Jinping delako batek «ahalbide guztiekin ekin behar zitzaiela sorospen lanei» ziola ikusi nuenean, ez zitzaidan zalantza handirik geratu nor izan zitekeen. Ondorengo egunetan ikusi dudanak zeharo berretsi dit irudipen hori.
Zailagoa da drama-gunetik 3.000 kilometrotara zegoenaren asmo osoa igartzea. Baina merezi du ahalegina egitea. Ez delako batere ohikoa izan orain arte halako ezer. Hondamendi naturalen ondorioak onbideratzeko giza ahalegina lehen planora ekarri eta hondamendia bera bigarrenean uztea izan da orain arte ohikoa, ia salbuespenik gabe. Gyirongeko checkpointa suntsitzen duen tsunamiaren irudiek, ordea, horren alderantzia erakusten dute ikaragarrizko bortxaz: natura indarren kontrolaezintasun suntsitzailea.
Ez dut ezetsiko irudi zirraragarri haietan bertan iragartzen zen giza hondamendiari erantzun bizkorra eta baldintzarik gabea suspertzea zatekeela argitalpenaren zioetako bat. Baina ezingo dut testuingurua ere ahantzi.
G216 hori da (zen; ez dakit inoiz izango ote den berriz), Trishuli ibaiaren ibilguari erantsita, Tibeteko goialdea (4.000 metroan, gutxienez) eta Nepal erdialdeko ibarrak (500 metroz azpitik, batzuetan) lotzen dituen/zituen bide bakarra. Are bakarragoa lurrikara batek Zhangmu-n G318 errepidea pikutara bidali zuenetik.
Baikortasuna sobera duenen batek, gainera, G216 horren alboan trenbide bat eraikitzeko asmoa darabil. Serio, antza.
Jasoko ahal zuen ikusi dugun horren gaztigua…
