Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Gerra kognitiboa eta Thomasen teorema

Gizarte «zibileko» hainbat eragilek, batik bat «gure» Mendebaldean, jakinaren gainean edo itsumustuka, segituan ikasi dute, eta gogotik darabilte, gerra kognitiboaren «armategia».

Edukia ez da berria, bai, ordea, izena: berriaren berriaz, «gerra kognitiboa» esapidea ez da oraindik Wikipedian ere ageri, hortik pentsa. Hala ere, Ukrainako gerrak umotuta edo, oinezkoon solasean hasi da agertzen duela urte batzuetatik «gerradiktoen» zirkulu isil-gordeetan soilik aipatzen zen kontzeptua. Zer den gerra kognitiboa? Cognitive warfare kontzeptuaren lehen erabiltzaile horiek eman ohi dioten adiera, ohiko gerra-egikeraren beste, azken, maila batena dela esan genezake: gerra militar, ekonomiko, total, informatibo eta abarren ondorengoa. Gudu-zelaia gizakion adimenetan omen duena. Borroka faktikorik gabe gerra(k) irabaztea ahalbidetuko lukeena.

Deliberoa aspaldikoa da; Suntzu berrirakurri besterik ez dago. Berritasuna, izatekotan, gaur egun gizakion adimenera heldu eta han edozer gauza ereiteko dauden baliabideen ugaritasun eta indarrean legoke. Eta horregatik, gerra kognitiboaren saltzaile berriek, gainerako gerra-moten gailur funtsezkoa izan dadila proposatzen dutela esan liteke.

Korapiloa, ordea, bihurritzen ari da hasi orduko: gizarte «zibileko» hainbat eragilek, batik bat «gure» Mendebaldean, jakinaren gainean edo itsumustuka, segituan ikasi dute, eta gogotik darabilte, gerra kognitiboaren «armategia»: egiaren eta gezurraren baliozkotasun koiunturala, testuinguruak desitxuratzea edo desagerraraztea, kantzelazioaren eta lerrokatzeen kultura, tabu eta totem berrien sorkuntza... Antza denez, gerran daudela sinesten dutelako; eta guztion adimenaz jabetu nahi dutelako, bistan denez. Hori bera ere ez da berria. Gerra kognitiboaren lehen eskuliburua dei genezakeena –eta patxadaz (berr)irakurtzea merezi duena–, duela 500 baino gehiago argitaratu zuen Kramer apaizak: "Malleus maleficarum". Sorgin-ehizarako gidaliburua izango zena gutxienez 300 urtez.

Gauzak horrela, Thomasen teorema gogorarazteko abagunea dela uste dut: «gizakiek egoerak egiazkotzat hartzen badituzte, egiazkoak dira ondorioetan». Duela 100 urte esana.

Bilatu