Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Gezurraren geoestrategia

NATO Varsoviako Itunari aurre egiteko sortutako antolakundea dela ziurtzat emango luke hura baino lehentxeago sortutakoa dela erreparatzen ez duenak

Behin edo behin idatzia dut zutabetxo honetan, lagun zahar baten aburua berandu bederen ontzat emanez, gezurra droga bat dela uste dudala. Haiek bezala adikzioa, tolerantzia, mendekotasuna eta abstinentzia sindromea sorrarazten dizkielako, besteak beste, erabiltzaile errepikakorrei.

Gezurraren droga-mendekotasuna ez ezik, geoestrategia ere badela onartzen hasi beharko dut, ordea. Biden administrazioak Txinaren aurka darabilen «goreneko presio-estrategia» izango litzateke horren adibide argiena eta gaurkoena. Zaila da gezurra ez den ezer aurkitzea haren funtsean. Gezurrak ez du bermatzen, ordea, estrategiaren arrakasta. Edozein droga-mendekotasunean bezala, zuhurtzia, koherentzia eta abar gordetzea ez delako erraza izaten kontsumitzailearentzat. Eta oraingoz, estrategia hori emaitza oso apalak lortzen ari dela esango nuke.

Bada, ordea, gezurraren geoestrategiak arrakasta duela dirudien kasu bat. NATO du izena, eta hortxe bertan hasten da gezurra. Varsoviako Itunari aurre egiteko sortutako antolakundea dela ziurtzat emango luke hura baino lehentxeago sortutakoa dela erreparatzen ez duenak; eta «etsaia» desagertu zenetik 30 urte betetzear direnean (bi aste barru da urtebetetzea; bi hilabete barru Sobietar Batasunarena) zergatik ez den NATO ere desegin ulertaraztea kosta egingo zaio. Buruhausteen hastapena besterik ez litzateke izango hori, ordea. Jarraian azaldu behar bailuke noiztik dauden «Atlantiko Iparraldean» Balkanak, Europa Ekialdea edo Afganistan (eta, laster, Txina Hegoaldeko Itsasoa, antza denez). Edo zer «demokrazia» edo «mundu libre» defendatzen zuten Oliveira Salazarrek, Greziako koronelek edo Kenan Evrenek.

Geuri dagokigunez, gezurraren ubikuitate hori gogoan izango dute 1986ko erreferendumaren lekuko izan zirenek: «Aliantza» deitzen zioten, hisiatuki, Gonzalezen morroiek. Nahi bai! NATOkideek inoiz ez dute izan ez izango Erromatar Inperioan foederati edo socii-ek eduki zuten estatusa besterik.
Egia ote da egiak libre egiten gaituela?

Bilatu