Hautetsontzien bihurrikeriak
Gutxitan bozkatzen da hautetsontziekin Nazio Batuen Batzar Nagusian. Labur esanda, behin bakarrik: urtero Segurtasun Kontseiluko hamar kide ez egonkorren erdiak bi urterako aukeratu behar diren unean. Gainerakoan, bozketak agerikoak izaten dira, eta emandako bozaren erantzule izan behar du herrialde bakoitzak, adiera gordinean. Bestela egingo ez liratekeen bihurrikeriak zilegitzen ditu, ordea, hautetsontziaren isilpekotasunak.
Horixe gertatu zen joan den asteazkenean. Ez behin, birritan. Eta zer pentsatua eman behar luke kasu bakoitzak.
Prozedurak erakar ditzakeen ezustekoak ekidite aldera, negoziazio korapilatsuak egin ohi dira bozketa bakoitzaren aurretik bloke –herrialde-bloke geografiko-politikoen arabera esleitzen baitira jarlekuak Kontseiluan– bakoitzaren baitan, eta gainerako herrialde guztiekin. Tratu horien emaitza, usu, izan ohi da hautagaia bakarra izatea bloke bakoitzerako. Hartara, segurua da «herrialdeen demokraziak» behar bezala funtzionatuko duela.
Eta halaxe zen aurten ere Afrikako (Zimbabwe) eta Latinoamerika eta Karibeko herrialdeen (Trinidad eta Tobago) ordezkari izan behar zutenen kasuan ere.
WEOG-Europa Mendebaldea eta Besteen multzoan, ordea, hiru hautagai zeuden bi postutarako. Eta hara lehen ezustea: Alemaniaren aurretik geratu, Portugal eta Austria! Unanimea izan da hausnarketa: Alemaniaren urteotako kanpo politikaren porrota berretsi eta haren itzal ekonomiko-sozialari trufa egiten dio emaitzak. Izan ere, Alemaniaren ordez Austria hautatzeak badu koska.
Are bihurriagoa izan zen bestea. Behin ere Segurtasun Kontseiluko kide izan gabeko Kirgizistanek (7,5 milioi biztanle) irabazi zien Filipinei (115 milioi), 4. bozketan bi hereneko gehiengoa (142/49) lortuta. Herrialde turkikoen eta islamiarren babesa zuen, bai, Erdialdeko Asiako herri txikiak; baina AEBren eta haren aliatu guztiena jaso behar zuten Filipinek...
Algaraka ospatu zuten aretoan bertan kirgizistandarrek. Isilagoan topa egingo zuten kanpoan beste batzuek.
