Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Hegazkin hori erori balitz

Pasadizo ilun hartaz oroitu nintzen igandean, Bandungetik «gertu» (Indonesiarako), Balin, Xi Jinping eta bere segizioa hegazkinetik jaisten ikusi nituenean. Hegazkin hori erori bazen...

Auskalo zergatik, izen hura gogorarazi zidaten igandeko irudiek: Kashmir Princess. Xarmagarria izena, ez ordea historia. Litekeena da haren ifrentzua izatea oraingoa...

1955eko apirilaren 11n Txina Hegoaldeko Itsasoko uretara erori zen izen pinpirin hura zeraman hegazkin indiarra, Hong Kong-Jakarta bidean zihoala. Hamasei bidaiari hil ziren, baina hiru tripulatzaile bizirik aurkitu zituzten kostazain indonesiarrek. Geroak ziurtatu du, orduan bertan susmatu zen moduan, bonba batek erorarazi zuela hegazkina. Izan ere, bidaiarietako batek Zhou Enlai, une hartan Txinako lehen ministroa eta Kanpo-arazoetako arduraduna izan behar zuen. Baina ez zihoan hegazkinean, ofizialki hiru egun lehenago apendize ebakuntza egin behar izan omen ziotelako. Egia itxura gehiagorekin, Zhouk aldez aurretik bazuelako atentatuaren aditzea. Hiru egun geroago iritsi zen Bandungera, Afrika-Asia Konferentzia gogoangarria kudeatzera.

Testuinguru hartan gertatu baitzen guztia: gerora Lerrokatu Gabeko Herrialdeen mugimenduaren erdiminetan. Orain demokraziaren itsasargi dugun Taiwanen nagusi zen Jiang Jieshiren KMTko zerbitzu sekretuak ezarri zuela bonba hura dio bertsio sinesgarrienak. Bakarrik? Batek daki...

Bada, pasadizo ilun hartaz oroitu nintzen igandean, Bandungetik “gertu” (Indonesiarako), Balin, Xi Jinping eta bere segizioa hegazkinetik jaisten ikusi nituenean. Hegazkin hori erori izan balitz...

Ez baitakit Txinatik inoiz atera ote den Balira joan dena bezalako ordezkaritza politiko osorik. Esaten badizut egungo Politburoaren Batzorde Iraunkorrak bilera egiteko quoruma (zazpitik lau) edukiko lukeela Balin biltzeko, eta Kanpo-arazoetako eta Ekonomiako arduradun gorenen ia ehuneko ehun jaitsi zirela hegazkinetik…

Beren buruarekiko konfiantza adieraziko du, noski. Baina, baita ere, nonbait (Baliko G20ren ondoren Bangkokeko APEAC bilkura baitator), norbaitekin sakon hitz egiteko deliberoa. Ameriketako Estatu Batuekin? Ezetz esango nuke.

Beste Bandung-abagune batean gaudelako ote?

Bilatu