Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Helsinkiko zentze-akta

oso garbi daukat egun NATOkide izateak ez duela segurtasunik ematen. Are gutxiago etsaiaren mugakide zarenean, eta hark 2.000 buru nuklear taktiko baino gehiago dituenean.

Izena hobea du neutraltasunak izana baino. Gatazka militarren zale nekez izaten garenok (haien pagaburu bai, beti, baina ia inoiz ere irabaztun ez garela izango badakigulako) gogotik miresten dugun arren, gutxitan izaten da neutraltasuna «bokaziozkoa», eta askoz gehiagotan ezinbestekoa.

Europako kasu paradigmatikoenak –Suitza, Suedia, Finlandia, Austria; handienak soilik aipatzearren– aztertu besterik ez dago neutraltasuna zein koiunturala izan daitekeen jabetzeko. Bestelako kontua da «koiuntura» hori hamarkadatan, edo mendetan luzatzen denean. Edo zer gertatzen den hura sakon aldatzen denean.

Horregatik, Finlandiak eta Suediak NATOrekin bat egin behar dutela entzutean, betiko animazio-harmailaren kakarazak sorrarazten duen asperduragatik beharbada, A. Kotzebueren "Poltavako garaipena", edo antzekoren bat, pantaila-babesle modura ipintzea otutzen zaio bati. Ikusiaren ikusiz, perspektiba ez galtze aldera. Iparraldeko Gerra Handi hura izan baitzen ondorengo mendeotan Europako parte haietan gertatu direnen asko eta askoren sorburua... «Gu», beste alde batera begira ginen, orduan ere.

Baina urrutiegi joatea izango da, hiru mende. Gertuago, apenas mende erdia, Helsinkiko Azken Aktaren sinatze-ekitaldiaren argazkiak ase dezake grina bertsua. Gainera, ahaztuxeak bederen, arraioa, aurpegi gehienak ezagunak egiten zaizkit: Brezhnev, Ford, Kissinger, Wilson, Schmidt, Honecker, Giscard, Moro, Palme, Trudeau (aita)... Eta, nola ez, Carlos Arias Navarro, bere bibotetxoarekin; nagusia, Josafaterako bidaia prestatzen ari zen eta.

2025eko Helsinki seguruagoa izango ote da 1975ekoa baino? Ziur ezetz. Ez dakit inoiz aliantza militar baten partaide izateak segurtasun gehiago eman ote duen neutraltasunak baino. Baina oso garbi daukat egun NATOkide izateak ez duela halakorik ematen. Are gutxiago etsaiaren mugakide zarenean, eta hark 2.000 buru nuklear taktiko baino gehiago dituenean, apropos zuretzat eginak bezalakoak.

Baina argi dago 75eko Helsinkiko Azken Akta hura zendutzat eman behar dela XXI. mendeko bigarren laurdeneko Europan, alafede.

Bilatu