Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Hilotzak berpizten

Ez da, alafede, egungo munduan gertatzen ari den latzena. Genozidio deliberatu eta basati baten lekuko garaikide zuzenak izateak parekorik gabeko esperientzia (bistan da ez dela eskarmentua) izan behar luke. Batez ere gisako beste batzuen kasuan –Ruandakoan, demagun– eduki genitzakeen ezjakintasun-aitzakiek balio ez dutenean. Baina genozidioen aurrean, hitzak ez, egintzak behar dira. Badira gaurkotasunean, haatik, beste jazoera batzuk ere etorkizuneko gertakari handietan erabakigarriak izango direnak, ziurrenik. Oharkabean geratu da duela astebete ikusi dugun bat.

Uztailak 26, larunbatez, egin zen Taiwanen Gogorarazpen Handiaren lehen emanaldia: oposizioko Kuomintangeko 31 parlamentario, alkate bat eta zinegotzi bat kargugabetzeko herri erreferenduma. Hiru aste barru, abuztuaren 23an egingo da beste zazpi legegilerentzat, baita Maanshan zentral nuklearraren etorkizuna erabakiko duena.

Batzuek uste zuten iazko urtarrileko hauteskunde orokorrek utzitako korapilo politikoa –presidentetza, DPP independentistarentzat; baina Parlamentua, haren kontrakoentzat– askatuko zuela medeapen-erreferendumak. Baina kontrakoa gertatu dela esan liteke: duela bi urte azkenetan zirudien Kuomintang historikoa, berpiztuta ez ezik sasoi betean utzi duela erreferendumak, auzitan zituen arduradun guztiak luzaz berretsita. Barne lidergoko kontuak ebaztea besterik ez zaio geratzen; huskeria, alajaina, kar-kar.

Gertatuak, noski, berehala erakarri ditu ondorioak. Hiru aste barruko bozketan zer gertatuko den ez dago jada ikusminik. Lai presidenteak, Amerika Latindarrera joateko aitzakian, AEBra egin asmo zuen bisitaldia ere bertan behera geratu da, nahiko itsusi. Baina gutxienekoa da hori.

Benetako gakoa da «Wang Huning estrategia» dei genezakeena (makilakada, menderakaitzentzat; bostekoa, adeitsuentzat) funtzionatzen ari ote den. Hau da, Kuomintang berpiztua «Fronte Batuaren» enegarren edizioan sar ote daitekeen... Sun Yatsen sortzailearen heriotzan ehungarren urteurrenean.

Bilatu