Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Hirugarren alderdia

Probaldian eztanda egiteko joera duten artefaktuen egiletzan dituen aurrekariak aintzat hartuta, igar liteke Elon Muskek Estatu Batuetako Independentzia Egunaren biharamunean plazaratu duen egitasmo politikoak ez lukeela urrutiegi heldu behar. Baina beste proiektu batzuetan erdietsi dituen arrakastek iradokiko ligukete pronostikoak tentuz egin behar direla, apustu arriskutsuegietan irrist egin gabe.

Kontua da munduko gizonik aberatsenak iragarri duela hirugarren alderdia sortzen ari dela munduko lehen potentzia omen denean. Lehendik ere marka politikoak dozenaka ez bada ehunka dituen herrialde horretan, ez lirudike deseinu berritzaileena Muskenak. Ideologien adar bakoitzak du jada bere sigla AEBn. Eta horrelakoetan hutsala ez den izenaren bilaketan ere ez dirudi burumuina bereziki nekatu du(t)enik: “Amerika Alderdia” izango omen da. Euskalduna izan balitz, “Gora Gu eta Gutarrak” otuko zitzaion, seguruenera. Aukerakoa: GGG; PPP-Proky Pig Partyk sustatu duen BBB-Big Beautiful Bill-aren kontrakarrean.

Argi baitago Trumpen aurrekontu-egitasmo arranditsua izan dela –egoen zirtzilkeria guztien gainetik– burutazioa sutu duena. Musken negozioek (SpaceX-ek, ibilgailu elektrikoek...) dirulaguntzak galtzen dituztelako, etsaien esanetan. Egia izango da, ziur. Baina Elonek dio zor publikoa biziro gizentzen duelako, hitzemanari iruzur eginez. Eta hori ere egia da, ziur. Beraz, hausnarketa-bide horrek ez gaitu gehiegi argituko.

Galdera zuhurragoa izango litzateke ea Trump (berezko tasun politikorik, ez profesional edo gizatiarrik ez duen norbait) egun dena (Alderdi Errepublikanoaren jaun eta jabe eta, bide batez, Estatu Batuetako errege absolutu moduko zerbait) bihurrarazi duen ingurumen politikoak ezin ote duen hura baino tuntunagoa, txiroagoa eta apalagoa ez den beste norbait eraman Etxe Zurira. Hau da, XXI. mendeko Jeinuen Jauregi Jorira.

Edo nahikoa irudituko ote zaion Muski datorren urteko midterm hauteskundeetan Trump eta errepublikanoak brotxatik zintzilik utzi eta demokratei txapela pasatzea.

Bilatu