Halabeharrari otu zaio Ukrainako gerraren hasierak ia xuxen-xuxen bat egitea Bosniako gerraren hastapenaren 30. urteurrenarekin. Orduko hura intentsitate handiz bizi izan genuen bakanok, iruditzen zait, dejà vu irudipen mingotsarekin hausnartzen ari garela oraingo hau. Eta ez dakit zerk eragiten digun erresumin handiagoa, bi gerren arteko kidetasunek ala kontrasteek. 1992ko martxo-apirileko egun bat edo bestean kokatu ohi da, harez geroztik, Bosniako gerraren hasiera. Hiru urte eta erdi baino gehiago iraungo zuen, eta 100.000 hildako baino gehiago erakarri zituen, kalkulu doituenek diotenez. Oso desberdinki banatutako hildakoak, identitate nazional-kulturalari dagokionez: bi heren, “bosniar” deitu ohi genituenetakoak izan ziren, gerra aurreko populazioaren %40 baino ez ziren arren. Gudagizonetan ere, “bosniarrak” izan ziren, luzaz, hildako gehienak. II. Mundu Gerraz geroztik Europan izandako gatazka armaturik larriena da, oraingoz. Eta komeniko litzateke hala izatea etorkizunean ere. J. Borrell deitoragarriaren ahoberokeria historikoen gainetik. Antza denez, orduan, bere ministro-lanetan Madrilen murgilduta, ez baitzen apenas enteratu Sarajevon edo Bihacen gertatzen ari zenaz. Ez zen bakarra izan, hala ere. Gerra hark epatuta sentitu ginen bakanok esango nuke amorrazioz bizi izan genuela geure Mendebaldeko herrialdeetan agintariek nahiz herritarrek azaldu zuten hoztasuna, indiferentzia ez esatearren. Krudela, batzuetan: «Gertatzen den zera bakarra da bosniarrek ez dutela onartu nahi gerra galduta daukatela», esan zuen nornahi ez zen europar batek gatazkaren hastapenetan. Gero, gertatu zen, hori ere ez zela egia. Ez, noski, Mendebaldeak erasotuari borrokan lagundu ziolako: Espainiar Errepublikaren tratua jaso zuen Bosniak. Sei hilabete luze behar izan zituen Eusko Legebiltzarrak gaiari tartetxo bat egiteko, 35.000 hildako zihoazenean. Ez ote litzaieke komeniko hoztasun haren laurdena –ez erdia, laurdena– orain animazio-harmailatik oihuka eta garrasika ari diren batzuei?