Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Jabetu ere ez

Auschwitz parke tematiko bihurtu dutela deritzoten ahotsak gero eta ozenago entzuten direnean, G7koen bilkura Hiroshiman egiteak harridurarik ere ez duela sortuko ematen du. Litekeena da, asko jota, Memoriaren Parkean lore-eskaintza edo halako errespetu-plantaren bat egitea bertaratuek “han gertatu omen zenari”. Eta sekulako begiramendua bailitzan, eta ez sarkasmotzat, hartzea imintzioa askok. Bejondeigula.

Gerta liteke, bai, zor publikoa hedatzeko epemugaren anabasa aitzaki-maitzaki, Biden etxean geratzea. Hartara, 75 urteren buruan Trumanen antzekoena den AEBko presidentea bertan ez izateak erraztu egingo lieke autosugestio-ariketa han 1945eko abuztuaren 6an hondamendi naturalen antzeko zerbait gertatu zela sinetsi nahi dutenei.

Baina gogoan izan behar dute, halaber, egungo administrazio estatubatuar horixe dela, 75 urte hauetan, arma nuklearrak, berriro (hau da, beste behin), lehendabizi erabiltzea ozenki bazterretsi ez duen lehen (hau da, bigarren) administrazioa. Eta, aditzen dudanez, ez naiz bakarra hori egiteko gai diren goi-arduradunak Biden administrazioan badaudela deritzodana.

Ez dakit nori otu zaion bilkura hara eramatea. Kishida Fumio ez zen urruti izango. Anfitrioi gorena bera da, eta Hiroshimako etorkikoa eta bonbaren biktimen artean “hainbat ahaide” galdutakoa dela saldu ohi du beti. Baina bere gurasoak, eta haien gurasoak, Tokion bizi ziren aspalditxotik. Gerra hura hasi, eginarazi, galdu eta, ondoren, irabazleekin anaitu zen elite japoniar gehien-gehiena bezala. Horregatik bizirik, eta agintean, jarraitzen du orain ere.

Batzuk zein besteak iskirioaz jabetu ere ez direla egiten ematen du. Nork bere propaganda beste dieta intelektualik ez duenean, halakoak gerta daitezke, ikusten denez.

Baina mundua ez da G7an hasten ez amaitzen. Hiroshima eta Nagasakitik Tokio baino gertuago dagoen Txinan, norbaitek gogoan izango du G7ko beroriek zirela Zortzi Nazioen Aliantzako kideak, adibidez.

Bilatu