Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Maletatxoa

Bada, Kazakhstanera eta Samarkandako goi-bilkurara egin duen bisitaldia dela eta, ikusi ez ezik hamaika aldiz berrikusi ahal izan dugu nolakoa den Xi Jinpingen maletatxo nuklearra

Hamaika kontakizunen gaia izan da, bada, ditxosozko maletatxoa. Horregatik egiten da arraro samarra oraingoan, zeresana eman behar lukeela dirudienean, inork fitsik ere esan ez izana hartaz. Ozenki bederen. Ez zen, bada, izango ikusi ez dutelako. Ezin nabarmenagoa izan baita komunikazio bisualean.

“Maletatxo nuklearraz” ari naiz, jakina. Potentzia nuklear guztietako agintari gorenek beti eskuera edukitzen (omen) duten gailu diskretua, misilak abian jartzea zilegitzen (omen) diena. Omenka esan beharrekoak dira halakoei buruzkoak, ez baitira oinezkoon ezaguerarako eginak. Baina nork darabilen halakoren bat jakinda, nolakoa den –edukiontzia; ez noski edukia– behintzat ikusten da noizean behin.

Bada, Kazakhstanera eta Samarkandako goi-bilkurara egin duen bisitaldia dela eta, ikusi ez ezik hamaika aldiz berrikusi ahal izan dugu nolakoa den Xi Jinpingen maletatxo nuklearra. Orain arte, nik behintzat behin ere ikusi gabe nuena. Putinena ere ikusi da, baina oso gutxi. Bertan ziren beste potentzia nuklearrena ez dut kausitu.

Xirena, ordea, usadio eta protokolo guztien gainetik zegoen arrazoiren batengatik, alde guztietara joan da harengandik metro gutxira, traje zibilak bere tasun militarra apenas mozorrotzen zuen gazte baten ezkerreko eskutik zintzilik. Aurrekaririk gabeko zerbait izan dela esango nuke. Ohiko “familia-argazkietan” agertzea falta izan zaio maletazain nekagaitzari. Soldata irabazi du, alajaina.

Larjokatze dezente ere izango zela ziurtzat emanda, ezinbestekoa da galdetzea erakustaldi horren xedea zein izan ote den. Kontraesankorra litzateke bertan ziren beste hiru potentzia nuklearretako ezein izatea mezuaren balizko hartzailea. Bertan ez zegoen/zeudenentzat izatea askoz logikoagoa litzateke. Mezuak, ordea, zalantzarako aukera gutxi uzten du: “Ez ezazu(e) ergelkeriarik egin; hatza kakoan daukat”.

Ondorioa: agian, pesimistok deritzoguna baino are okerrago egon daitezke hil ala biziko kontuak hor goian.

Bilatu