Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Modiren matrioxka

Handitasuna zenbatekoz erabaki behar bada, eta demokrazia aldian behin herritar gehientsuenen bozketaz aginte politikoa hautatzean badatza, ez legoke zalantzarik: munduko demokraziarik handiena da India. Eta oraintxe bertan arituko litzateke han historiako hauteskunde demokratikorik handiena egikaritzen, 17. Lok Sabha-rako bozketak abian baitira jada ekainaren 1era arte. Topikoen zaleek ez dute aukera galdu hori azpimarratzeko. Eta okerrena da horietako batzuek ez dutela besterik hartaz esateko.

Zenbatekoak zenbateko, demokrazia definitzeko bestelako tasun batzuk aintzat hartzen baditugu, ordea, beste itxura bat hartzen du aintzak. Adibidez, demokraziak alternantzia esan nahi duela sinesten badugu. Izan ere, hura gabe, zer dira hauteskundeak betiko(ar)en berrespen formala baizik?

Bada, ikuspegi horretatik, «munduko demokrazia handienaren» aurtengo hauteskunde orokorrek eite itsusi samarra dute. Egintzat eman behar baita Narendra Modiren Aliantza Demokratiko Nazionalak (NDA) hauteskundeak irabazi ez ezik, lehendik duen gehiengo osoa zabaldu egingo duela. Hori, berez, ez litzateke asaldagarria, ifrentzuagatik eta testuinguruagatik ez balitz.

Ifrentzua da Nehru-Gandhi dinastia politikoaren baratzea izan den Kongresu Alderdiaren akabera izan daitekeela, inkestek aurreikusten dutenaren mailakoa bada haren porrota. Eta zirraragarria litzateke hori, Modiren BJPren alternatiba bakarra delako hura India osoaren mailan. Eta handik aurrera, Modik nahiz haren oinordekoek betikotzeko askoz aukera erosoagoa izango dutelako.

Testuinguruak, aldiz, dio Modiren hirugarren garaipena izango dela, segidan. Hori ere ez litzateke horren asaldagarria izango Bharat/Indiako eskuin nazionalistaren matrioxka ez balego tartean.

Izan ere, NDA aliantzaren panpina irekitzean BJP alderdia agertzen zaizu, begitarte berberarekin. Haren panpina irekita, Sangh Parivar konstelazio politiko-soziala aurkituko duzu. Eta hura irekitzen baduzu, RSS erakunde paramilitarra. Eta...

Bilatu