Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Myanmar ez da Bolivia, baina...

Boliviako kolpearen biharamunean «litioa» hitz-gakoa agertu zen han eta hemen. Orain, Myanmarrekoaren ondotik, «lur arraroak» entzuten da bazterretan

Bistan da Myanmar ez dela Bolivia. Mapari begiratu besterik ez dago. Batak erruz dituen ibaien eta kostaldeen zati bat gustura hartuko luke besteak, ezta? Ez hemisferioa ez kontinentea ere ez dituzte erkide; hortik pentsa. Eta «xehetasunera» –gizarteak, kulturak, sistema politikoak, erlijioak, ekonomiak…– joaten bagara, zer esanik ez.

Konparagarriena izan litekeen osagai  bat, alegia, bakoitzaren armada, alderatuko bagenitu ere ez legoke kolorerik; Tatmadaw-a potentzia bat litzateke «soldadito» boliviarren aldean.

Gertaera bertsuen aurrean «nazioarteko komunitateak» (hau da, beste batzuek «anglosfera» deitzen dutenak) batean eta bestean hartzen duen jarrera baino ezer desberdinagorik aurkitzea zaila izango da, ordea. Urtebeteko aldearekin, krisi politiko izugarriak sutu dira herrialde bietan, hauteskunde prozesu txukun samar batzuen ondotik. Bietan, gainera, garailearen nortasunean ez baizik zenbatekoan zetzan korapiloa. Eta bietan, noski, indar armatuek erauzi dute hautetsontzien emaitza.

Bada, dozenaka hildako eta ehunka zauritu frogatu utzi zituen Boliviako estatu kolpea isilik edo txaloka hartu zuten berberek diote orain jasanezina dela Min Aung Hlaing jeneralaren kolpea (oraingoz odol-isurketa gutxirekin zertu dena).

Myanmar ez delako Bolivia, noski; baina... agian beste zerbait ere balegoke. Boliviako kolpearen biharamunean «litioa» hitz-gakoa agertu zen han eta hemen. Orain, Myanmarrekoaren ondotik, «lur arraroak» entzuten da bazterretan; oraingoz, finantza eta lehengaien merkatuetan. Lur arraro bezain preziatu horien ustiategi handi samarrak ditu Myanmarrek, betiere Txinaren oso atzetik. Eta haren industriari atxikita.

Agian, horrek lagun dezake katramilaren aurrean Pekinek darabilen diplomazia doi-doia ulertzen. Eta beste batzuen zalaparta antzua. Eta beste batzuen isiltasuna.

«Baina» juntagailuak adierazten omen du haren aurretik esandako guztiak ez duela deus balio ondoren esango denaren aldean…

Bilatu