Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Newsom eta heriotza zigorra

Azaroko lehen astearteko zartakoaren ondorio pinpirinagoek atzendu dute albistea, eta ez zaio kasik jaramonik egin, bertako, Kaliforniako hedabideetan ez bada. Baina badu, orokorrean ere, mamia. Bai, horixe.

Gavin Newsom gobernadoreak, bi agintaldiko mugapenagatik datorren urtarrilean Xabier Becerra alderdikide demokratari agintea lagako dionak, astearteko emaitzak ezagutu eta biharamunean, ostegunean, egin zuen aldarrikapena: Kalifornian heriotza zigorraren zain dauden guztiei kommutatuko die pena, eta bizi osorako kartzelaldia ezarriko die, balizko kitapenik gabe.

«Neurri hori hartzen dut uste dudalako Estatuak berretsitako hilketa ez dela bateragarria Kaliforniako balioekin, gure ordenamendu juridikoaren oinarriak ahultzen dituela, eta gu guztiok ahultzen gaituela», zioen Newsomen iragarpenak. Bai, horixe; baina... Ez ote zen arrazoibide hori bera balio berberekoa hauteskunde egunaren bezperan? Edo iaz? Edo duela ene urte? Baietz esango nuke.
 
Lehen begi kolpean, aldarrikapenaren alderik deigarriena, agian, kopuruan datza: 548 presori eragiten die. Badu nolabaiteko azalpena horrek ere: Kaliforniak ez du inor exekutatu azken 20 urteetan, eta 2019an gobernadore bilakatu zenean, exekuzioen luzamendu bat agindu zuen Newsomek. Ordutik, bizirik dauden zigortuak ugaritu egin dira, noski. Heriotza zigorrak indarrean jarraitu duelako, Kalifornian ere. Jendeak hautetsontzietan hala erabakita. Zigortuen bi herenak 20 urte baino gehiago daramatza heriotza korridorean.

Newsomen erabakiaren ikuskera baikorra da AEBn inoiz eman den heriotza zigorren kommutazio handiena egikaritu duela. Haren ifrentzua da zigor gehiago etorriko direla. Ilustrazioaren, modernitatearen edo dena delakoaren ikurretako bat izan den heriotza zigorraren desagerpena inoiz baino maiseatuago, setiatuago, jazarriago dagoelako.

Eta punitibismoaren aurkako borroka kulturala ere galtzen bada, inoiz joan ez den heriotza zigorra ez ezik, gibbet-ak itzuliko dira.

Bilatu