Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Orkestra eta partitura

Ez dakit Scholzek kontrabaxua, biolontxeloa edo bibolina jotzen duen. Baina, beste batzuek ez bezala, partitura ezagutzen duela ematen du

Eszenatokia, orkestra, zuzendaria... orkestrazioaren maisu-lana zirudien horretan, zer ari da gertatzen «sinfonia ukrainarra» horren makur entzun dadin?

Tentuz aukeratuta zegoen agertokia: Ramstein. Hura abian jarria zenetik ia 75 urte igaro direla eta, zergatia norbaiti ahaztu bazaio edo: zuek gerra galdu egin zenuten; egizue esaten zaizuena. Brusela, Berlin, Paris...? Ez, Ramstein.

Esan gabe doa zuzendaria AEBak direla, «Mendebaldeko orkestra» sortu zenetik bezalaxe. XXI. mende honetako berezitasuna da, gainera, garai bateko gozotasun-mozorroak erantzita, zuzendaritzak bere tasun hierarkiko osoa berreskuratu duela. Jada ez da esku-zabalka zuzentzen, ezta batutaz ere: astamakila du eskuan zuzendariak.

Orkestrazioa, berriz, antologikoa izan da. Perkusioa, haizea, soka... denetik entzun da Ukrainako Kontaktu Taldearen Ramsteingo bilkura jendetsuaren atarian eta ingurumarian: Zelenski bakarlaria, bere aria kantatzen: tankeak, tankeak, tankeak. Erresuma Batua, ohiko eskuzabaltasunez, 14 Challenger hitzematen... 1.000 kilometro baino gehiagoko fronterako. Europako estatu ipotxak, erasokorrak izatea eskatuz... handiei. Koru-lanetan, «Leopardoak askatu!» aldarrikatuz kalera irten diren batzuk.

Leopardoak. Hori baita gako-hitza. Sinfoniaren izenburua. Alemaniak bere Leopard-2 tankeak bidali behar omen lituzke Ukrainara, errusiarrak jorratzera. Bideojokoetako baliabideek bezala funtzionatzen dutelakoan edo.

Ez dakit Scholzek kontrabaxua, biolontxeloa edo bibolina jotzen duen. Baina, beste batzuek ez bezala, partitura ezagutzen duela ematen du; eta ez zaio batere gustatzen. Bezperan kasik, Defentsa ministroa aldatu zuen, bitxiak diruditen zioengatik. Ondoren, hitz madarikatua bota zuen: Abrams; nik Leopardak bidali behar baditut, zuek… Azkenik, Ramsteinen mutis egin duela ematen du.

Partiturak esaten baitu tankeekin batera, instruktoreek, mekanikariek, munizio- eta erregai-hornidurak... baita tankezaleek ere joan behar dutela. Alegia, zeu, bete-betean.

Bilatu