Ahalak eta leherrak eginda ere, ez dut lortu Abe Shinzoren heriotzagatik pena sentitzea. Itsusi geratzen da esatea, baina halaxe da. Zergatia azaltzen saiatu beharko dut.
Ez da poztu naizelako. Abe Shinzoren hilketak ez dit eragin, inola ere, Kim Jae-gyu, KCIAko buruak, Park Chung-hee akabatu zuenean ahoratu zitzaidan irribarre hura. Ez dut ezer onik espero Narako magnizidiotik. Yamaguchiko klanaren edo, zehatzago esanda, Sato-Kishi-Abe familiaren botere politiko neurrigabea gutxitzea ere ez dut espero, pentsa. Ez dut uste Abek heriotza merezi zuenik ere. Errazagoa egingo zitzaidan horrelako zerbait pentsatzea duela 62 urte Shinzoren aitona, Nobusuke Kishi, T. Aramakik labankadaz josi zuenean. Orduan, eta orain, milioika pertsonak pentsatuko zuten merezi zuela heriotza Kishik, Manchukuon eginak zituen izugarrikeriengatik. Baina urkamendira bidali ordez, erregimen politiko «berriaren» gorenean ipini zuten okupatzaile estatubatuarrek. Eta gero, gerokoak..., hau da, Shinzo biloba bezalakoak, etorri dira. Gerra kriminalak, aitortuak zein ezkutatukoak, ondratzen dituztenak. Beren-berenak dituztelako. Baina horrek ere ez du heriotza zigorra merezi, nik uste.
Bai argitzen duela, ordea, haren heriotzarekiko nire enpatiarik eza. Parekotasuna deitu beharko litzaioke, agian. Bere hurbil-hurbilekoek hain krudelki kaltetu zituztenekiko enpatia izpirik erakutsi ez duenarekin enpatia eduki? Nondik hozituta?
Mainatan galdu ez dudan denbora, Abe Shinzoren genealogia, apenas ezagutzen nuena, arakatzen eman dut. Eta geratzen zaizkidan biloak tentetu zaizkit. Benetan sinetsi behar ote dugu Japoniako egungo sistema «gure demokrazia» horietako bat dela? Zergatik?
Eta hildakoei zor omen zaien errespetuaren eske badatorkit norbait, esango diot zutabetxo honetan, eta jendaurrean esateko aukera izan dudanean, Abe Shinzo deitu diodala. Berak eskatu zigun bezala. Eta ez alderantziz, ia bere goresle guztiek egin duten bezala.
Parekotasuna
Bere hurbil-hurbilekoek hain krudelki kaltetu zituztenekiko enpatia izpirik erakutsi ez duenarekin enpatia eduki? Nondik hozituta?
