Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Plangintza serioak

Pelosiren bisitaren ondoren sutu diren errepresalia ekonomikoek (Taiwanekiko) eta politiko-diplomatikoek (AEBekiko) ez dute inprobisazio-kutsurik. Geratzeko etorri dira

Inoiz plangintza seriorik izan bazen Pelosik Taipeira egindako bisitaldian, gaur zortziko bazkalostean joan zen pikutara ordubete eskasean. Bihoa aldez aurretik nire uste sendoena dela halako plan seriorik ez zela inoiz izan bidaia horretarako; hori pentsarazten didate aurrekariek eta bilakaerak.

”Serioa”, diot. Ez barne-kontsumorako show-business bat: albistegietan agertzeko, aurkari politikoak kontrako aldera harrapatzeko, inkestak onbideratzeko antzezpen bat... ez. Geoestrategien eltzetik babak ateratzeko zerbait: tentsioaren estrategia lantzeko, Txinarekiko aldebanatze ekonomikoa azkartzeko, XX. Kongresuaren atarian Txinako agintea lotsagarri utziko zuen zerbait... Baita zera ere.

Gaur zortziko bazkalostean, Pelosi eta bere konpaien hegazkina Subangeko aireportutik ekialderantz abiatu zenean iraungi ziren seriotasun plantak. Orduan ikusi zen Txina Hegoaldeko Itsasoaren jabe ez bada jaun denari enbido handia botatzeko kartarik ez zegoela. Hegaldiaren ondorengo ibilbideak are argiago utzi zituen beste hamaika gorabehera. Handik 48 ordura Hego Koreako Yoon-ek egin zuena akabera logikoa baino ez zen. Bizkitartean, Pelosiren janzki zuria Taipein; nolako bidaia, halako sinbolismoa.

Aldiz, aurreko aldean oso plangintza serioa zegoela gero eta ukaezinagoa egiten zait. Pelosiren ateraldiaren aurreko egunetako erauntsi erretorikoak dira gutxienekoak. Haren ondoren sutu diren errepresalia ekonomikoek (Taiwanekiko) eta politiko-diplomatikoek (AEBekiko) ez dute inprobisazio-kutsurik. Geratzeko etorri dira.

Abian jarritako ekinbide militarrek ematen dute zer pentsatu latzena, ordea. Arrunkeria da esatea aspalditxotik prest zeuden mugimenduak direla. Jakina.

Iragartzen duten plangintzari begiratu beharko genioke zorrotzago, haatik. Urtarrilean, supituan, Lin Xiangyang jenerala, Txinako armadan gorantz doan izarra, Ekialdeko Agertokiaren buru ipini izanaren benetako esanahia ikusten hasi gara, antza.

Bilatu