Oso zio txukunengatik ez bada ere, berebiziko mesedea egin diezaioke Pedro Sanchezek Espainiako (eta, gaudenean gaudenez, gure) ekonomiari zein gizarteari «%5 defentsarako» iruzurrari uko eginez. Erakutsi duen posturari –eta hartarako aginpideari– eusten badio. Ez dakit bera ere jabetzen ote den.
Beste gauza askoren gainetik, «%5» hori makro-amarru ekonomiko bat delako. Duela 40 urteko Plaza hoteleko diru akordioak datozkit burura, aurrekari bat aurkitu nahian hasten naizenean. Batek mozkin guztiak poltsikoratu eta gainerako «jokalariak» pagaburu hutsak izan ohi diren timo horietako bat. Estatu handienen eskalan landua. Pairatzaileentzat ezinbestekoak izango dituen ondorio sozioekonomiko guztiekin, Plaza hoteleko akordioekin gertatu bezala.
Zenbatekoaren gehiegiak asaldatu du gure ingurumaria. Baina milaka milioikako kontuekin gertatu ohi zaiguna dugu hemen ere: ikuspegi kualitatiboa nekez ulertu eta aise galdu ohi dugula.
Batez ere, hitzen lazoan erortzen hasten bagara: proposatzen zaiguna, europarrontzat behintzat –baina, bereziki, Espainia bezalakoentzat– gastua da, ez inbertsioa. Defentsan eralgitako dirua «inbertsioa» dela esan dezake, «segurtasuna» ondasuna bada, keynesianismo militarrari men eginez, hartarako autarkikoa denak; edo armen salmenta balantze positiboa duenak. Demagun, AEBk. Edo Errusiak. Edo Txinak. Baina ez noski Espainiak.
Hogei milioi kotizatzaile ditu une honetan Espainiako Gizarte Segurantzak. Norbaitek uste al du horren %5, milioi bat kotizatzaile lituzkeen «defentsa ekosistema» bat sor lezakeela? Ezta erdia ere... Jada sobera ditugun uniformedun guztiak zakuan sartu, armagin guztiak gehitu, eta batura guztiak eginda ere. Ezta euskal eskalara ekarrita ere.
Dirutzaren erdia baino gehiago atzerrian egin beharreko arma eta teknologia erosketetarako izan beharko luke. Asmatu zeuk nora joango liratekeen sosak.
Egungo Espainian turismoak duen betekizun ekonomikoaren alderantzi perfektua izango litzateke.