Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Politburoko jakintsuen protokoloak

Batek-daki-noraino hel daitekeen eskalada baten lehen urratsetan geundeke oraintxe bertan.

Litekeena da trumoi-zaparrada bota eta nahikoa egitea. Alegia, Biden administrazioak lehen egunetik darabilen asmoa, datorren urtean Txinan egitekoak diren Neguko Joko Olinpikoen aurkako boikota abian jarri eta horrekin aseta geratzea.

Baina Marxen apotegma zaharrarekin topo egingo du horrek: komeria hutsean geratzeko arrisku handiegia dauka Mosku-80ko historiaren errepikapen-saioak. Neguko Jokoak ez dira Udakoak, AEBak ez dira nor kirol horietan, egungo Txina ez da orduko SESB...

Horrek berak susmarazten du euria ez ezik harria ere ekar dezakeela ekaitzak. Alegia, batek- daki-noraino hel daitekeen eskalada baten lehen urratsetan geundekeela oraintxe bertan.

Seguruenera, duela 125 urte inguru, Okhranaren ingurumarietako sukartiren batek “Siongo jakintsuen protokoloak” idatzi zituenean, egileak ez zuen igarriko bere itxuragabekeriak norainoko ondorioak ekarriko zituen, edo ekartzea ahalbidetuko zuen. Eta esan bazioten ere, ez zuen sinetsiko eta aurrera egingo zuen. «Finis santificat media» aburu ia unibertsalaren fededuna izango zen, ziur. Eta ziurrago oraindik: bere helburuen santutasunaz guztiz fio izango zen.

Bera eta bera bezalakoak 600.000 hildakoren erantzuleak ezin direla izan frogatzea ere oso helburu santua irudituko zaio Etxe Zuriko edozein apopilori. Nola izango dira bada horrelako zerbaiten erantzule WASP/C/J... mokofierrak? Nola egingo digu bada guri hori hainbeste maite dugun naturak? Etsaiaren atzaparrak ibili behar du hor. Vade retro Satan, beti.

Deliberoaren alderik lotsagarriena da orain, mende eta laurden geroago, "Politburoko jakintsuen protokoloak" idazteko enkargua egun-argitan eta ozenki ematen dela. Gainerakoa, ez pentsa, berdintsua da. Gaizto-gaizto tonto-tontoaren figura mitikoa, ia unibertsala gure artean behintzat, beste behin ere berrargitaratu nahi da, funtsean.

Baina Marx zaharraren aburuarekin topo egiten du horrek ere: egungo txinatarrak ez dira duela 125 urteko Europa Ekialdeko judu dohakabeak…

Bilatu