Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Profeten lurraldea

Zazpi urte hauetan ez da iraultzarik sutu Saudi Arabian. Ez da izango, haatik, Sauden Etxean liskarrik izan ez delako, arraioa.

Zazpi urte baino gehiago igaro dira, profezia ez da bete; eta profeta bera ere hil egin da. Hala ere, hark esandakoa gogoan izatea komeni da, nik uste. Iazko Santu Guztien Egunean zendu baitzen –bihotzekoak emanda, antza– Robert Fisk. Ekialde Ertaineko kontuetan, Mendebalde arranditsuan aintzat hartu beharreko luma bakanetakoa. Batetik, zertaz ari zen bazekielako. Bestetik, aurreko horren ondorioz, berak esaten zuena ere zein balizkoa zen bazekielako. Horregatik, beharbada, hartzen nion Diogenesen antza batzuetan…

Obamaren bigarren agintaldia azken txanpan sartzen ari zenean bota zuen Fiskek txundigarria –eta, bide batez, ahazten zaila– egin zitzaidan profezia hura: hurrengo iraultza arabiarra abian egon daiteke jada Saudi Arabian…, baina Sauden Etxetik etorriko da. Alegia, erre- ge-familia despotikoaren barne liskarrek leherraraziko dute aspalditik kili-kolo dagoen gizartea; hori ulertu nuen nik. Eta ez nintzen bakarra izan, handik hilabete batzuetara Alemanian sutu baitzen iskanbila, irakurketa bertsua egiten omen zuen bertako inteligentzia zerbitzuaren txosten baten harira. Zazpi urte hauetan ez da iraultzarik sutu Saudi Arabian. Ez da izango, haatik, Sauden Etxean liskarrik izan ez delako, arraioa. Baina, agian, Fisken burutazioetan aurreikusten ez zen zerbait gertatu zen handik gutxira… Estatu Batuetan. Eta trumpismoak errotik aldarazi zuen ekuazioa. Aldi baterako, behintzat.

Baina formulak hortxe dirau. Eta hura gogorarazi dit, bete-betean, Jordaniako estatu-kolpe, familia-liskar edo dena delako horrek. Auskalo zein diren gertakariaren benetako ekaiak, edo zenbat duen osagai bakoitzetik. Askoz garrantzitsuagoa da orain gauzak nora bideratzen diren ikustea. Mundu guztiak ziurtzat ematen baitu eztanda egin dezakeen herrialdea dela haxemien dinastiak kudeatzen duena. Eta haren barnean, antza, bada lehergaiari su emateko prest dagoenik ere…

Bizirik balego, seguruenera, honezkero idazten arituko litzateke Fisk: gogora ezazue Arabia Sauden Etxearen eskuetan uzteko asmatu zuela kolonialismoak erresuma bat Mekako haxemientzat…

Bilatu