Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

«Ruanda Operazioa» Espainian

Bidenek Mexikoko mugan duen presioa uxatuko luke, eta Espainiak «turismoari arreta eskaini ahal izateko dituen lanesku-estutasunak arinduko lituzke».

Deigarria, benetan. Hil honen hastapenean AEBetako hedabide batek scoop-a plazaratu zuenetik, hangoen artean bolo-bolo dabilen prekuela da. Hemengoetan, ordea, Diogenesen kriseilua behar da horri buruzko ezer aurkitzeko.

Egia esan, iragarpena irakurri nuenean, txantxa izan behar zuela otu zitzaidan. Baina hedabideak ("Axios") bere burua estimu handian duela, eta albistea seriotasun osoz argitaratzen zuela kontuan izanda, zalantza behintzat... Eta ondorengo egunetan beste askok ere aintzat hartzen zutela ikusita, ondorioztatu behar izan dut, izan, zerbait badela.

Funtsean, argia, ez garbia, da gorabehera: Biden Administrazioa eta Pedro Sanchezen Gobernua tratuan arituko lirateke AEBetako hegoaldeko mugan miseria latzean geldiarazita dauden milaka migrante hartu eta Espainiara eramateko. Hamabost egun barru Madrilen egin behar den NATOren goi-bileraren inguruko argazkietan sagaratu nahiko litzatekeen tratua da, antza.

Deigarriena da, haatik, iragarpena egiten dutenen artean ez dela, hurrik eman ere, kritika-eiterik antzematen. Beste inola askatzeko gai ez den korapiloa ebakitzen arituko omen litzateke Biden administrazioa. Haren kutunenek, gainera, bi buruhauste lotuz konponbide bat aurkitu izanaren meritua aitortzen diotela esango nuke: Bidenek Mexikoko mugan duen presioa uxatuko luke, eta Espainiak «turismoari arreta eskaini ahal izateko dituen lanesku-estutasunak arinduko lituzke», hizkuntzaren aldetik aukerakoak omen liratekeen etorkin batzuekin.

Espainiako lan-merkatuari buruz horren ideia «doituak» dituzten estatubatuarrei ez zaie, noski, okurritu ere egiten etorkinei beraiei galdetzea ea balizko «programa-aldaketa» horretarako prest ote leudekeen. Ez zaie bururatzen ere Erresuma Batuan Priti Patel-ek darabilen “Ruanda Operazio” horrekin duen kidetasuna.

Sanchezen isiltasuna da aise ulertzen dudan gauza bakarra.

Bilatu