Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Salomonen jakinbideak

Salomon berri horien buruargitasuna ez dugunoi kosta egiten zaigu ulertzea zein izan litekeen Txinaren irrika bere lurraldetik 6.000 kilometrora dagoen uharte batean.

Salomonen jakituria mitikoaren zati bat edo, halakorik ezean, mapa-aplikazioren bat behar zen oraintsu arte Salomon Uharteak non zeuden jakiteko. Orain, Salomonen jakite osoa ere behar da ulertzeko zergatik batzuek deliberatu duten munduaren zilborra, beste hamaika baztertu ondoren, hantxe dagoela. Halaz eta guztiz, orain ere, komenigarria da mapa-aplikazioa eskueran izatea.

Inguru-minguru politikoen zaleari lagungarri izango zaizkio Kanaky / Kaledonia Berriko edo Bougainvilleko gorabeheren berriak. Eta II. Mundu Gerrako istorioen jarraitzaileei Guadalcanal, Coral Sea eta antzeko leku-izenek argibideren bat emango diete. Zuzeneko harremanak ez dira horren erosoak, haatik. Hartu-eman diplomatikoak duela 44 urtetik dituzten arren, AEBren enbaxadak 30 urte daramatza itxita Honiaran.

Elkarrekiko ezezagutza nare hori, antza, 2019ko udazkenean amaitu zen, Salomon Uharteetako gobernuak Txinako Herri Errepublika aintzat hartu eta Taiwanekin zituen harreman diplomatikoak eten zituenean. Berehala agertu ziren Anglosferaren zaindari klasikoak (ez Taiwan) aldaketa eroskeriaz egin zela esaka.

Koska bat edo bi gaizkoatu da kalapita aurten Salomon Uharteek eta Txinak segurtasun-itun bat hitzartu dutenean, txinatarren indar armaturen bat uharteetan finkatzea ahalbidetuko lukeena, itxura denez. Tulagi, bi kilometro karratuko irlatxoaren errentamendua izango litzatekeela tratuaren ardatza esaten du norbaitek.

Kontua da maiatzaren 21ean Australian egingo diren hauteskundeen eztabaidagai nagusietakoa bihurtu dela hori. Eta S. Morrison oilar baino oilarrago agertzen ari bada ere, beste batzuentzat ez dela nahikoa mehatxuka aritzea. Nonbait, Australiatik 1.700 kilometrora txinatar «zerbait» egotea onartezina zaie. «Bonbardatu Honiara», proposatu du zuhur-ospea zuen batek.

Salomon berri horien buruargitasuna ez dugunoi kosta egiten zaigu ulertzea zein izan litekeen Txinaren irrika bere lurraldetik 6.000 kilometrora dagoen uharte batean. Ez bada haren kokapen ekuatorialak espazio-ontzien jarraipenerako izan dezakeen egokitasuna...

Edo horrexegatik da guztia?

Bilatu