Genero-ikuspegitik interpretatu nahi izan dute zenbaitzuk Sanae Takaichi Japoniako estreinakoz lehen ministro emakumea bihurtu izana, beirazko sabaiaren haustura eta gisakoak hizpidera ekarriz. Baina haren antifeminismo txit ezagunak oso aldapa gora jartzen du ikusmolde hori. Eta horregatik, agian, nahiago izan dute beste batzuek magazin-soslaia lehenetsi: haren ibilbide mediatikoa, moto-zaletasuna, heavy metalarekiko grina...
Politikagintza behatzeko gaudenontzat, ordea, beste nonbait leudeke berritasunak. Eta ez litzateke horietako bat bere lehen gobernuan, Defentsako arduran, lidergorako lehian aurkaria izan duen Shinjiro Koizumi integratu izana: aspaldiko usadioa du Alderdi Liberal Demokratikoak, ardurak banatzeko orduan, bere baitako korronte/klan kontrajarrien «koalizio-gobernuak» osatzearena... kanpoko koaliziokidearekiko betebeharrez gaindi.
Baina bigarren horretan bai ikusi dugu, haatik, aldaketa: oposizioan emandako 2009-12 aldi laburrean izan ezik, azken mende laurdenean gobernukide izan duen Komeito alderdi konfesional budistak uko egin dio liberal-demokratekin koalizioan jarraitzeari. Apeta hutsez? Ezetz esango nuke: Komeito bakezaleak inork baino argiago ikusi behar izan du bazkidearen deriba militarista gero eta nabariagoa... eta horrek biak ala biak erakarri dituen galera elektorala. Beraiek, bakezaletasunaren aldetik; eta besteak, militarismoa bertsio originalagoan nahiago dutenen partetik.
Gauzak horrela, Ishin, garai bateko bere kimu eskuindarragoarekin adostu eta osatu du, minorian, Takaichik bere lehen gobernua. Azken hauteskundeetan kartsu harrotu zaien eskuin muturreko Sanseito nazionalista eta are militaristagoaren itzala gainean dutela.
Zer genero politiko saltzeko? Bada, Trumpen administrazioak egungo Japoniatik espero duena egiteko prestasun osoa duela: Txinaren aurkako lubaki gero eta itogarriagoan zazpi ahalak egiteko prest daudela.
Etxekalte bada ere.
