Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Satan alfonbra gorrian

Mendebalde kolektiboak –anglosferak, batik bat– primeran landu ohi du satanizazioa: «Gaizkia» hezur eta haragiz gorpuztu, norbanako batengan ardaztu, esplikabide guztiak haren inguruan harilkatzen direla. Aurkariak deabrutzean datzan baliabide «intelektual» unibertsalaren aldaera monoteista dela esango nuke.

Ia monoteismo guztiek baitute, Ongia omen den jainko bakarraren aurka, Gaizkia irudikatzen duen Satan. Hura bezain ahaltsua eta betierekoa, kasik. Ontasun izpirik gabea. Gaizto ezin gaiztoagoa, ergel baino ergelago aritzen omen denean ere. Ongiaren ifrentzua.

Baina ez gara teodizeaz ari, baizik politikagintzaz, diplomaziaz, nazioarteko harremanez, geoestrategiez. E. Todd-ek «zero erlijio» deitu duen estadio horretara heldu ondoren ere, sasoi betean jarraitzen baitu Satanen itzalak. Jainko bakar eta berdaderoan federik ez duten gizarteek ere ez baitiote uko egiten Satanen izateari. Geure burua Ongia bailitzan ikusteko balio digulako, ziurrenik, aurkaria deabrutzeak.

Baina Satanen biziraupen horrek badu etekin praktiko ezin baliagarriagoa ere, gure kudeatzaile politiko zailduenek ederki ezagutzen dutena: zernahi zilegi da Satanen aurka. Deabruaren aurkako bekatua ezinezkoa delako. Geure ontasun printzipio guztien aurka arituta ere. Mauka.

Aspaldi samarretik dator kontua, baina arestian bihurtu da, maila eta eskala guztietan, arerioaren satanizazioa egungo politikagintzaren ardatz. Egitez, batzuetan: paradigmatikoa da Putinen kasua, Ukraina inbaditu baino lehenagotik ere (bidenabar: mundu parte horri buruzko edozein azterlanetan haren izena hiruzpalautan baino gehiagotan kausitzen dudanean, irakurketa eten egiten dut nik); baina ezagutu ditugu beste hamaika, gertuago ere. Edo ez egitez: batzuek nahikoa dute Hamas satanizatzea Netanyahu munstroaren alboan gozo sentitzeko; bejondeiela.

Arazoa erabat nahasten da, haatik, Ongiaren kudeatzaile nagusia omen denak Satani alfonbra gorrian harrera beroa egiten dionean. Hainbeste urtetako lanketa... ezertarako ez?

Bilatu