Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Sindromea sintoma denean

Nola esplikagaitza den osasun arazo bat bihur daitekeen, kaltetuen tasuna (eta asmamena, eta eragina) dela eta, gorabehera politiko-diplomatiko larri, lehenik, eta AEBetako barne politikako arazo garrantzitsu, azkenik.

Habanako sindromeak kitatuta dagoen zerbait izan behar luke... zentzuzko mundu batean. Baina ez da bizileku dugun honen kasua; beraz...

Hizpidera etorri da gaia, berriro, ahapeka bederen, pasatu den astean “The Washington Post”-ek argitara eman duenaren harira. Albisteak dio AEBetako zazpi inteligentzia agentziak kasuen berrikuspena burutu ondoren landutako txosten batean ebazten dela «Estatu Batuen ezein etsaik ez duela esku hartu ezagutzen diren gorabeherak sorrarazten». Ulertu nahi duen edonorentzat nahiko argia dela esan liteke.

Baina hori guztia ere ez litzateke batere berria, zeren ia hitzez hitz duela bost urte jada FBIk ondorio berbera erdietsi baitzuen (beranduago, zehatzago, sorburu «psikogenikoa» lukeela fenomenoak, ondorioztatu zuen erakunde horrek berak). Baina, hala ere, iraungi ez baizik puztu egin da kontua ondorengo urte hauetan.

Ez gara hemen hasiko delako «sindromea» zertan datzan azaltzen; nahi ahala argi/ilun-bide aurkituko du irakurle asegaitzak Interneten.

Benetako korapiloa datza honaino ekarri gaituen bide horretan. Hau da, nola, beste hamaika bezala, esplikagaitza den osasun arazo bat bihur daitekeen, kaltetuen tasuna (eta asmamena, eta eragina) dela eta, gorabehera politiko-diplomatiko larri, lehenik, eta AEBetako barne politikako arazo garrantzitsu, azkenik. Eta, agian, gehixeago ere bai.

Izan ere, TWPk diona irakurrita, bada asaldura dezente eragiten duen albo-itzal bat: Blinken, Estatu idazkaria izango litzatekeela «sindromearen» egiatasuna ez ezik konspirazio-tasuna sinetsi eta hauspotuko lukeenetako bat, haren eraginpean omen leudekeenez harago. Eta zerikusia izango luke horrek ditxosozko «inteligentzia txostenaren» idazketak pairatu bide dituen tirabirekin.

Kontuan izanik nolako grina duen Blinkenek osasun gertaerak arazo politiko-diplomatiko bihurtzeko, eta haien «argitzea» inteligentzia zerbitzuei esleitzeko, ez da batere sintoma itxaropentsua.

Bilatu