Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Tragedia, fartsa eta ezereza

Azkenean, «boikot diplomatiko» delako batez erditu da mendia. Zer ote den hori? «Ezerezkeria», Macronen hitzetan.

Errepikaren errepikaz arrunkeria ere bihurtu dugun horrek, alegia, duela 170 urte, Louis Napoleonen estatu kolpearen harira Karl Marx gazte helduak, Hegelen parafrasia eginez, idatzi omen zuen hura («Historia birritan gertatu ohi da, lehendabizikoan tragedia gisa...»), gutxienez, osatu eta berridatzi egin behar dela argi dago gure egun hauetan. Izan ere, lehendabiziko aldian jada fartsa izan zena, nola berregiten ote da bigarren aldian?

Oraintsuko adibideari helduz. 1980ko urtarrilean, urte hartan bertan Moskun egitekoak ziren Udako Olinpiar Jokoak boikotatzeko ekimen politikoa abiarazi zuen Carterren administrazio estatubatuar demokratak, ohiko txalo-jotzaileen segizioarekin. Tragedia edo, behintzat, drama itxuraz jantzi nahi izan bazen ere, fartsa zen gehienbat: Sobietar Batasunak Afganistanen militarki esku hartu izana zen aitzakia, baina aspalditik zetorren kopla. Eta benetako zioak askoz zerikusi estuagoa zuen urte hartako azaroan AEBetan egin behar zituzten hauteskundeekin Afganistanen hasi berria zen tragediarekin baino. Charles Wilsonek Jalaluddin Haqqani «zintzotasuna gizon egina» zela zioen garaiak ziren.

Txinak bat egin zuen boikotarekin; ez, ordea, Suarezen Espainiak. Fartsa hura arrakastatsua (!) izan zen irudipenarekin haziak direlako edo, Biden Administrazioaren kanpo-harremanetako arduradunak –Etxe Zurira iritsi aurretik ere, esango nuke–, maiteminduta egon dira hastear dugun 2022an Beijingen egitekoak diren Neguko Olinpiar Jokoak boikotatzeko asmoarekin. Aintzat hartu gabe negukoak ez direla udakoak, AEBak ez direla nor kirol horietako gehienetan, egungo Txina ez dela duela 40 urteko Sobietar Batasuna...

Ikusi egin behar da, haatik, nola saiatu diren «pertxa» baten bila: Hong Kong, Wuhan, Xinjiang, Peng Suhai...

Azkenean, «boikot diplomatiko» delako batez erditu da mendia. Zer ote den hori? «Ezerezkeria», Macronen hitzetan. «Gonbidatu ez zaituzten leku horretara ez joatea, boikota egiten diozulako», Hua Chunying-en mihi gaiztoan.

Bilatu