Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Trumpismoaren erroak

Madison Granten benetako gaurkotasuna, hala ere, joan den azaroaren 3an Trumpen alde bozkatu zuten 75 milioi estatubatuar horiek islatzen dute.

Laster beteko dira ehun urte Madison Grant legelari eta zoologo estatubatuarrak bere obra nagusiaren azken edizioa plazaratu zuenetik. Bost urte lehenago, 1916an, argitaratua zuen estreinako aldiz; baina azken edizio hori eman zuen kanonikotzat egileak, eta bere hartan berrargitaratuko zuen hainbat aldiz, 1937an hil zen arte.

“The Passing of the Great Race” liburua hitz gutxitan definitu behar balitz, arrazialismoaren «manifestu komunista» moduko zerbait izan zela esan beharko litzateke. Egungo iruzkingileek, dotorezia handiagoarekin, esan ohi dute «nordizismoaren, arrazismo zientifikoaren eta eugenesiaren» iturburuetako bat dela; haren «zientifikotasunak» beste ezer baino gehiago irribarrea eragiten du, ordea, gaur irakurrita.

Horrelakoetan gertatu ohi den moduan, zaila da bereiztea obraren edukia eta haren inspiraziopean jarraitzaileek egindakoa. Eta Granten jarraitzaileetako batzuen egintzak ez dira nolanahikoak izan. Adibidez, «nire biblia» deitzen zion obra hari Adolf Hitler izeneko batek; eta izan ere halatsu izan zela esan liteke. Nurenbergeko epaitegiaren aurrean, Karl Brandt doktoreak haren gerizpean ipini zuen nazien eugenesia programa. Hegoafrikako apartheidaren aita ponteko teorialarien bila hasi behar izanez gero, bestalde, gutxi izango lirateke Grant baino nabariagoak.

Beste jarraitzaile batzuk, gure inguruko zenbait panzeltista, esaterako, askoz inokuagoak dira; agian, nondik edoskitzen duten ere ez dakitelako.

Madison Granten benetako gaurkotasuna, hala ere, joan den azaroaren 3an Trumpen alde bozkatu zuten 75 milioi estatubatuar horiek islatzen dute. Ez, noski, guztiak haren ikusmolde arrazialistarekin bat datozelako; ezta haren obra inoiz irakurri dutelako ere. 100.000tik batek ere ez. Esan gabe doa Trumpek berak ere ez duela Granten aditzerarik, ziur.

Baina trumpismoa girotzen duten arraza-ikuspuntu nagusi guztiak, eta haietatik eratortzen den mundu ikuskera, xuxen-xuxen islatzen da “The Passing”-en. Supremazismo zuria deitu ohi diote batzuek; baina sinplistegia da deitura, eta okerreko interpretazioak sorraraz ditzake.

Bilatu