Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

Xuxurlaka hitz egin

Teddy Roosevelten asmaziotzat jo ohi den Big Stick-aren diplomaziaren egungo jarraitzaileek, hark birziklatu zuen esaldia osorik irakurtzeko beta hartu ez dutelako edo, ahaztu egiten dute aburuaren lehen zatia: «Hitz egizu xuxurlaka, eta eramazu astamakila ederra eskuan; urrutira helduko zara».

Ahaztearen ahaztez, ematen du, gainera, alderantzikatu ere egiten dutela gomendioa batzuek: «Dantza ezazu astamakila, eta, ez bada oso itxurosoa, egizu garrasi gogotik». Ez dakit inora helduko ote diren halakoak.

Michael McCaul, Texasko kongresukide errepublikanoa eta egun Ganberako Kanpo Arazoetako batzordeburua litzateke primerako adibidea. Tsai andrea Kalifornian Kevin McCarthy speakerrarekin elkarrizketatu eta jarraian, automatismo modura, Txinako armadaren Ekialdeko Teatroak maniobra militarrez Taiwan inguratu ondoren, McCaul Taipeira joan da... garrasi egitera. Alegia, Xi Jinping Hitlerrekin parekatzera, Taiwanentzat AEBen laguntza militarra biderkatuko dutela hitz ematera eta abar. Ez behintzat xuxurlaka hitz egitera.

Xuxurlaka hitz egin dutenak (eta, aldi berean, astamakila gogotik dantzatu dutenak) beste aldean dabiltzala esango nuke.

Tsai-McCarthy argazkiaren «ondoriozko» txinatar maniobra militarren azalpenen artean, ezarian bezala, bertako hedabide ofizial guztiek aditzera eman dute, egindako itsas ariketa horietako bat izan dela «ihesi lihoazkeen itsasontzi etsaiak mendean hartzea». Era askotara uler litekeen esapide kriptikoa da.

Bada, ordea, argi pixka bat egin dezakeen zerbait. Taipein daude, duela ia 75 urtetik, Txinako ondare historiko eta artistikoaren altxorrik handiena osatzen duten ia 700.000 artelan, bitxi, gailu, tresna eta abar. Jauregi Museo Nazionala deituan ikusgai bakan batzuk, eta Beijingetik abiatu zireneko kaxetatik atera gabe gehien-gehienak.

Azkenaldian, norbaiti otu zaio altxor hori Estatu Batuetara eta Japoniara eramatea ez ote litzatekeen komeniko...

Bilatu