Mikel Aramendi
Mikel Aramendi
Nazioarteko gaietako iruzkingilea

XXI. mendeko Joko Handiaren botaharria

Kaxmirko Pahalgamen 26 turista hil eta beste 20 baino gehiago zauritu dituen TRFren atentatu bortitza nahikoa izan da, bertako ezegonkortasun endemikoa lerroburuetara ekartzeko ez ezik, Indiaren eta Pakistanen arteko tentsio politiko-militarra goi mailaraino igoarazteko.

Aspaldiko bortitzena da atentatu hori Kaxmirren. Baina, egiari zor, ez du inondik ere 2008an Mumbain egindakoen hilketa maila.

Testuingurua, ordea, suharberagoa izan daiteke oraingo honetan: N. Modiren BJPren gehiengo oso zabalak hesi konstituzionalak erauzi eta, errepresio militarrarekin uztartuta, Kaxmirko egitura soziodemografikoa alda dezakeen prozesua abian jarri duenean gertatu da. Terrore ekintzaren jopuntuan turismoa egotea ez da, beraz, ezustea, alde horretatik.

Indiako agintarien juzgua da, noski, atentatua ez dela Kaxmirko “barne arazoa” baizik, Pakistandik telezuzendutako zerbait litzatekeen heinean, bi herrialdeen arteko “betiereko” jazargoaren adierazpen berri bat. Egia da... jazargo horren botaharri nagusia Kaxmirko auzia delako. Beraz, sorgin gurpilean ibiliko ginateke.

Bestalde, beste hark esan bazuen «munduko herrialde gehienek armada bat izaten dute; Pakistanen, armadak herrialde bat dauka», agian esan beharko genukeela: «munduko armada gehienek inteligentzia zerbitzuak izaten dituzte; Pakistanen, inteligentzia zerbitzuek armada bat dute». Eta jarraituz, antzeko zerbait iradoki daiteke hango inteligentzia zerbitzuen eta antolakunde terroristen artean ere.

Ez da batere lasaigarria arma nuklearrak dituzten herrialdeez ari garenean.

Krisialdi honen berritasuna, haatik, izango litzateke Modiren erregimenak hain kutuna duen Israeldik ikasitakoak aplikatzeko darabilen deliberoa: ustezko ekintzaileen familien bizilekuak suntsitu, baliabide zibilak –ura, kasu– arma bezala erabili... Txarrak zainak luze.

Eta Joko Handia amaituta zegoela uste genezakeenok, kamusatuta. Lehen Afganistan zatekeena, Kaxmir da orain.

Bilatu