Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Perikles

Atenasko demokraziaren inbentorea batzuentzat, demagogo eta tiranoa besteentzat, kontua da izen hori eman diola Pierre-Edouard Sterinek, Frantziako ultra aberats eta katoliko tradizionalistak, bere planari. Eskuin muturraren ideiak patrozinatu eta 2027ko bozetan Frantziak ultraeskuineko presidentea ukan dezan du xede «Perikles» planak. Balio kristauak lehenetsi eta segurtasuna, immigrazioa zein autoritatea bezalako gaiekin iritzi publikoa pozoitzen du, abilki hedatutako influencerren bidez. Kontua da horretarako beren-beregi prestatutako 45 influencer ultraeskuindar daudela Tik Tok, Instagram eta bestelako sareetan, beraien ideia supremazistak, antifeministak eta arrazistak zabaltzen.

Kontua da iaz Biarritzeko BO errugbi taldearen Aguilera estadioko gelan aurkeztu zela CRSI taldea (Sterinek finantzaturiko think tank-a) eta bertan parte hartu zutela Ipar Euskal Herriko hautetsi batzuek. Baita taldeko lehendakari Shaun Hegartyk ere. Kontua da Sterinek berak ordaindu duela BO errugbi taldeak zuen zorra (kasualitatea ote?) eta Parisetik landako lehen aurkezpena izan zela Biarritzekoa.

Sterinek aldarrikatu legez, «guda kulturala» abian ezarri du. Kontua da bere fortuna ipini duela eskolak sortu eta formazio politikoak eskaintzeko. Frantzia «salbaiengandik» babesteko. Ofentsiba politiko eta ideologikoa totala da. Fedea lagun, egiazko patrioten belaunaldi berria fabrikatu nahi du. Arraza zuriaren supremazismoa, patriarkatuaren defentsa eta akumulazio kapitalista ditu oinarrian «guda» honek.

Gramscik zioen legez, garai gogor eta terribleak etorriko dira. Faxismo berria ez da beti irainez eta mehatxuz etortzen. Ez da etsai bezala agertzen, soluzioaren parte gisa baizik. Kontua da adeitsu eta edukatua dela Sterin, Max Brisson LRko senataria bezala. EH Bairen ideologia arriskutsua ei da Euskal Herriarentzat. Hitzok ez ditu debaldetan esan. Ez dago ultraeskuinekoa izan beharrik, ideia erreakzionarioak edukitzeko. Ez dago agur nazia egin beharrik, duzun ideologia erakusteko.

Kontua da historia errepikatzen ari dela ematen duela.

Bilatu