Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Adiskide bat bada

Orotan bihozbera, besteen ametsak bizi ordez, bere ametsak bizi zituena. Zunzun zuen izen ttikia, eta bihotz handikoa zen, baina huts egin dio bihotzak, buztinezkoak, hautsi egin da lurrera jausitako eltzetxo baten antzera. Zauriari beste zauri bat egin arte. Bizitza lau egun baino ez dira, eta bi lanbrotsu, Anjek kantatzen duen bezala. Batzuetan desertu, besteetan oasi, larrialdirako hitzak bilatu behar izan ditugu hutsuneari zentzua emateko, oroitzapenei ukendua emateko; urgentziazko emozioei aterpe eman eta lanbropean gelditu diren sentipenak kausitzeko.

Memoriaren inbentariotik bizi gara, elkarrekin bizitako garai eder, gogor eta bital horien katebegitik. Iraganaren gordailua ireki dugu barren urratuen arrakalak neurtzeko, bakarminak uxatzeko, lagunen lagun hura, bidegilea, ezorduetan eskua luzatzen zekiena, anaia, burkidea, lagun mina orainaldian inbokatzeko. Erradikala zen ideia eta printzipioetan. Horregatik ekitaldi zibilaren arrazoia herriko plazan. Ez apaizik, ez elizarik, ez beilatokirik. Ateoa, apostata eta antiklerikala baitzen. Berak espresuki idatzita utzi zituen bertsoak kantatu genituen. Abertzalea zen Zunzun, herrigintzan gazterik zaildutakoa; gaztetxean, antzerkigintzan edota presoen aldeko gose greba luzeetan engaiatua. Beti lehen lerroan. Herria zuen bizibide, herria kezkabide eta arnasbide. Herria burutasmo, goiburu eta bide bakar. Atxilotu osteko gorputz torturatuarekin bizitzen ikasi behar izan zuen, militantziak zeukan prezioa baitzen.

Bere biziaren gidoilari fina balitz bezala, maileguan hartutako bizialdi honen gurutzebidean beste norabide bat hartu duela baino ez dugu pentsatu nahi. Bihotzean elorria dugula mintzo gara orain. Poltsikoan dei galdu bat bagenu bezala gelditu gara. Thoreau pentsalari eta ekintzaileak bere Walden zuen bezala zuen Zunzunek bere Otxakabaso, Izarraitz mendiaren magaleko borda. Naturarekin bat izan eta harremanetan sartzeko. Munduan egoteko bere Lekua zen Otxakabaso. Bere gauak zaintzen zituen ilargi betea zuen.

Adiskide bat bada oroiminean daramaguna.

Bilatu