Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Asimilazio politikak

Arusha eskualdeko masai zaharrak argi du: «Gure lur honekin egin dezakegun gauza bakarra gure hilerri bihurtzea da». Ez dute bere lurretik botako

Historiaren gurpilak ez du gelditzeko asmorik eta europar zurien kolonizazioak ere aurrera jarraitzen du. Mandatari eta jauntxo dirudun zein egozentrikoen azken kapritxoa safariak egiteko luxuzko ehiza eremu bat antolatzea da. Hori dela-eta, Tanzaniako lurretan diren masaien lurraldean errepresioa handia da. Arusha eskualdetik 70.000 masai bota nahi dituzte. Bertako polizia etxez etxe, atez ate ari da atxiloketak egiten.

National Geographic eta antzeko dokumentaletan ohituak gauzkate masai gerlarien jauziak erakusten, abereak hil eta odol gordina edaten dutela esplikatzen digute. Gure harridura asebetetzeko parke tematiko bat osatzen duten heinean dena ondo doa. Ez dute errepresioaren berririk emango edo Arabiar Emirerrietako buruzagien kapritxoa salatuko. Haiek Serengeti oihanean lehoiak, elefanteak, errinozeroak eta jirafak nahi dituzte, ez ordea bertako biztanleak. Sobera daude. Ken ditzatela haien paretik. Gizon zuriak nazio amerindiarren lurrak Terra nullius izendatu eta ebatsi zituen legez, desjabetu zituen Australiako aborigenak ere. Zoombiak bezala omen dabiltza bertako herrietan, zakur gosetuak baino are okerrago. Amerindiarrak porlanezko belardietan «alkohola kudeatzeko gai ez diren salbaiak» dira eta aborigenek gasolina esnifatzen dute alkohola erosteko dirurik ezean. Bortxaketak, biolentzia, kartzela eta suizidioak dira haien eguneroko ogia. Hauek ere ez dira nonbait gure zibilizazio europar, kristau eta zuriaren estandarrean sartzen.

Suaren Lurraldeko Cristina Calderon azken yamana zendu berria da. Bere nortasunaz lotsatua hamarkadatan, eskolan estigmatizatua, zuriek barre egiten zietela bizi izan zen. Charles Darwinentzat gizaki zital eta miserableak ziren yamanak, hain ziren nazkagarriak, ezen gizakiak zirela sinestea ere kosta egiten baitzitzaion gure jakintsuari.

Arusha eskualdeko masai zaharrak argi du: «Gure lur honekin egin dezakegun gauza bakarra gure hilerri bihurtzea da». Ez dute bere lurretik botako.

Historiak aurrera darrai eta berarekin batera baita genozidioak ere.

Bilatu