Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Bagara, bagoaz

Bagara, umiltasunez, harrokeriarik gabe baina harrotasunez aldaketarako norabidea hartu nahi dugulako. Nora, nola eta norekin asmatuz.

Izenak erakusten du izana. Eta LAB horixe da, langile abertzaleen bilgunea. Bagara. Baiona-Miarritzen egindako X. kongresuan agerian gelditu da, LAB dela Huerta del Peraltatik Baionara zein Bilboko ezkerraldetik Maulera hazi den euskal sindikatu bakarra, sindikatu nazionala erabat. Bizitza erdigunean izango duen euskal errepublikarako trantsizio ekosozialista eta feminista du xede. Ezkerreko independentisten bilgune izan nahi du LABek, erasoaldi neoliberalari erantzuteko langileek behar duten lanabes izan nahi du.

Bagara, LAB sindikatua XXI. menderaino ekarri duten guztiei esker, eta bagoaz hamarkada berrietako erronkei erantzuteko bere burua eraldatu eta prestatu duen sindikatuarekin. Bidea ez da erraza izan, oztopoak ugari dira eta erronkak ez zaizkio falta, baina bagoaz, pausoz pauso, tantaz tanta. Baionako Patxa plazan agerian gelditu zen LABek eztabaidatzen, antolatzen eta erabakiak hartzen badakiela, baina kantatzen eta dantzatzen ere bai (ezin zuen bestela izan); erasoaldi globalizatuari hobeto erantzuteko nazioarteko ordezkariak mimatzen dituela (plazer bat zuek denak ezagutzea).

Bagara, umiltasunez, harrokeriarik gabe baina harrotasunez aldaketarako norabidea hartu nahi dugulako. Nora, nola eta norekin asmatuz. Zer izan nahi dugun eta zer ez argituz. Eraldaketarako zedarriak ezarriz.

Eztabaida sanoak egon ziren, konplizitate handia sumatzen zen, kolektiboaren indarra, komunitatearen garrantzia. Geure indargune eta ahulguneak ere aitortu ziren. Ainhoa Etxaideren zauriak ezagutu genituen (bi muxu), gizakiak gara, borrokan zailduak gara, bihotz gorriak ditugu, baina negar egiten ere badakigu.

Bagoaz, jendartearen aldaketaren araberako eredu sindikala berrituz, euskaratik eta euskaraz egina, eraldaketa feministarako oinarriak ezarriz, sindikatu antirrazista osatzera.

Bagara, O bella ciao, una mattina mi sono alzato, e ho trovato l’invasor, goiz batez esnatu eta inbaditzailea aurkitu nuelako. Bagoaz iluntasunetik argira, amets partekatuak gauzatzera.

O bella ciao, bella ciao, bella ciao ciao ciao.

Bilatu