Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Desesperantzak

Minak ahaldundutako belaunaldien ondorengoak gara. Munduan geu izateko leku baten bila ari garenak.

Nola irakurri momentuko testuingurua, nola gainditu ditugun kontraesanak, zer zentzu dute gure ametsek, baldin eta ametsik badugu? Nola aldatu gauzak, nola mundua eraldatu errealitateak behin eta berriz bere burdinazko aldabarekin kolpatzen gaituenean, desesperantza leunki oharkabean saminean barneratzen denean? Bizitza bat eta bakarra denean, baina istorio askorekin, eta istorio horiek algara, negar, deiadar, aldarri bihurtzen direnean kalean, etxean, auzoan, lagunartean? Nola ametitu Bilbon gerrian halterofiliako pisuak zituela itota aurkitu zuten emakume transexual baten heriotza bortitza? San Frantzisko auzoko azken hilketa matxista? Soilik emakume izateko, emakume gisa existitzeko eskubidea bera ere ebasten zaienean? «Bideo hau ikusten duzuenerako hilda egonen naiz»; zer ote zuen buruan, zein ote ziren bere azken sentipenak Mohammad Moradi gazte irandarrak bere buruaz beste egin zuenean Lyonen, Rodano ibaira jauzi egin ondoren? Zein da munduaren eskema berria, zer leku dugu mundu honetan, denok leku bera ote dugu? Gutxiengo baten tiraniaren atzaparretan, patosaren eta emozio merkantilisten diktadurapean, elkarren zaintza erdigunean izango duen bizitzaren ordez bizirauten ari garen honetan, desesperantzak ez ote ditu milaka aurpegi? Ez ote da poliedrikoa desesperantza hori? Barnean sentitzen ditugun krakatekoek ez ote gaituzte indartzen halere? Ba al da izaterik izan gabe edo ikas ote daiteke ez izaten besteek zuk izatea nahi dutena? Minak badu bere lengoaia unibertsala, badu bere historia eta ez da, preseski, ipuin eder baten kontakizuna. Minak ahaldundutako belaunaldien ondorengoak gara. Munduan geu izateko leku baten bila ari garenak. Egia esan, ez dakit etorkizunak zer kolore izanen duen, zer kolore izatea nahiko lukeen badakidan arren. Biharra gero da. Eta ez da lanbide erraza bizirautearena, egia da, baina, Aiora Renteriak esan bezala, bizitzak baditu putada asko, baina baditu gozagarriak diren beste mila gauza ere.

Desesperantzari borroka irabazteko adorea, kemena, kuraia konplize guztiei.

Bilatu