Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Eko-gogoetak

Ederra pagotxa. Airea pozoitu dugu, ozeanoak zabortegi bilakatu, basoak soildu, baina progresoaren gurpila ezin da gelditu; bestela akabo.

Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako txosten batek argi dio: airearen kutsadura covid-19a baino letalagoa da. Urtean 9 milioi pertsona hiltzen ditu. Epaia apelaezina da. Unai Pascual ikerlariak ere azpimarra egin du, klima aldaketa tarteko, covid-19 aurreko «normaltasun» hori ez dela posible izango. Beraz, atzera begira ibili ordez, aurrera begira behar gara jarri. Irtenbideak eta bitartekoak badaude, baina, interes ekonomikoak direla medio, borondatea falta da. Gailur arranditsu eta inoperanteak antolatuagatik, politika ekozidek ez baitute etenik. Kapitalismoa berdez jantzi zaigu eta ilea ongi orraztua eta gorbata zintzurrean daramaten teknokratek ikatza eta energia nuklearra ere berriztagarrien taldean sartu dituzte. Ederra pagotxa. Airea pozoitu dugu, ozeanoak zabortegi bilakatu, basoak soildu, baina progresoaren gurpila ezin da gelditu; bestela akabo.

Covid-19a hiperzibilizazioaren ondorioa dela irakurri diot aditu bati. Honakoa ez dela Antropozeno aroa, Kapitalozenoarena baizik (barka, neologismoa) ; hau da, giza espeziearen artxiboetan begiratu beharrean, kapitalismoaren egitura produktiboak eragindako ondorioetan begiratu behar dela. Eko-ezkorren kontra eko-baikorrek diote Kapitalozeno honen ondotik Sinbiozenoaren aroa (barka berriro) etorriko dela, gizakion eta bestelako izaki bizidunen arteko harmonia antzeko bat edo.

Hondamendi ekologikoari eta beronek sortzen dituen emozio kroniko zein eko-antsietateei aurre egiteko Timothy Morton filosofoak izaki ekologikoaren figura interesgarri bezain egokia proposatzen du. Sinpleki erranda, Xabier Leteren «naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea» proposatzen digu, gure ekosistema osoa babesteko oikos-a beste era batera pentsatzeko parada eskainiz. Hots, gure kontsumo zein ekoizpen ereduak birpentsatu ezean, ondorioak areagotu eta larriagotu baino ez dira egingo. Horrek esan nahi duen guztiarekin.  

Zoritxarrez, errealitateari so egin eta eko-baikor izateko motibo asko-askorik ez dut aurkitzen, gutxiago era guztietako larrialdien erdian gerra bat lehertu denean.

Bilatu