Guardia Zibilak Iratxe Sorzabali «tratu gizagabea» eman ziola ebatzi du AuzitegiNazionalak. Besteak beste, elektrodoak ezarri zizkiotela dio. Ebidentzia baieztatu baino ez da egin; Iratxeren argazkiak ikustea nahikoa da ziurtatzeko. Euskal Herrian tortura modu sistematikoan erabili izan dela esatea pellokeria da, Iratxeren kasua izozmendiaren punta baino ez baita. Kriminologiaren Euskal Institutuak dioenez, 5.000tik gora tortura kasu daude gutxienez; tortura kasu horietatik 103 baino ez, ofizialki aitortuta, Egiari Zorren arabera.
Herri honetan «oso latza izan da» oinaze gramatikala gure inkontziente kolektiboan txertatua dago. Tortura euskal disidentzia politikoaren aurkako praktika orokortua, babestua eta justifikatua izan da. Bertsio ofizialen azpian edo «ikerketa judizialen anparoan» tortura hori ezkutatu edo estali egin dute etengabe. Oinarririk gabeko akusazioa eta tortura gurdia zaldiari bezala lotzen zaio; «terroristen» aurka denak balio du eta Annah Arendt-en gaizkiaren banalizazioari jarraiki, tortura normalizatu eta toleratu egin izan da hamarkadotan, sistemaren katebegi bihurtzeraino.
Bob Brecher filosofoa eta etikan aditua da. Harentzat tortura beti izango da akats bat. Pertsona batek beste bati egin diezaiokeen gauzarik ankerrena da. Hiltzea baino askoz okerragoa deritzo beste bati torturak eragitea, norbanakoa hondoratzea baita, gizatasuna haustea. Pertsonaren «subjektu morala» akabatzen du, fisikoki akabatu aurretik. Torturatua haragi puska bilakatzen du eta gorputza garaitutako lubakia da borreroarentzat. «Demokraziaren pozoia» deitzen dio torturari.
Elektrodoen pilak gastatu arte torturatu zuten Iratxe. Tortura bikoitza jasan zuen, euskal militantea eta emakumea izateagatik. Deserosoa den egiari iskin egiteko torturaren negazionistek errealitatea ukatzen jarraituko al dute oraindik? Auskalo. Iratxeren auziak balio beza hori aldatzeko. Alta, ezin du bestela izan. Tornikete politiko eta sozial zabala ezinbestekoa izango da torturaren «pozoiarekin» behingoz amaitzeko.