Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Errudunak

Betiko xextra eta matrakarekin itzuli zaizkigu espainiar hipernazionalistak. Ilegalizazio hotsen kanpaikadak entzuten dira berriro; ETA bizirik dago Madrileko presidentearentzat, Espainia hankaz gora jarri nahi du, txalamatika etengabea da nonahi, apokalipsia dator demonio arraio gizatxar horien eskuetatik; ETA deseginda dagoen arren –Genevan, Henri Dunant zentroan irakurri zen ETAren azken agiria, 30 diplomazialariren aurrean; badaezpada diot–, hauteskundeetan berraragiztatu egin dute, preso ohien zerrendak direla-eta. Abian dira suntsiketa masiborako diskurtsoak.

Urkulluk ere, nahigabeturik (beti bezala, dena esate aldera), eskubiderik ez dagoela esan du, kalkulu bat egon dela zerrenda horien atzean. Biolentzia datorren lekutik datorrela kondenatzen dutenen paternalismo jeltzalearekin argi da beraiek eskuak garbi dituztela, morala uso zuria bezain inozentea delako (Kant dixit); baina hemen moral gutxiago eta politika gehiago behar dugu. Erru banatzaile gutxiago eta hausnarketa kolektibo eta konpartitu gehiago. Moralaren politikarekin denok onak eta zintzoak izan gaitezkeelako, baina gaixo dagoen jendarte batean. Ongiaren eta gaizkiaren gainetik dagoenak eman dezala pauso bat aurrera. Erraza baita morala egitea, besteari ardura guztia bizkarreratuz, norberak berea ezkutatzen duen bitartean. Iragana ezin daiteke aldatu, esan gabe doa, sufrimendua eta dolua egon dira (eta daude) etxe askotan, eragindako minaren aitorpena egin da, baina moral bikoitzarekin jarraitzea, komeni denaren arabera kondenagarria izatea ala ez, fariseukeria hutsa da.

Fiskaltzak argi esan du: EH Bildu legala eta demokratikoa da. Zigorrak bete ostean preso egon denak bere eskubide guztiak berreskuratzen ditu. Ez dago deliturik. Bonben edo botoen artean aukeratu beharra omen zegoen. Horra, iragana edo etorkizuna, hautua egin beharra dago.

«Ez egidazue kendu nire errua,/ ez herri osoaren gure erru zaharra./ Erru gabe ez dut ezer,/ ez dut ezer egin izan» dio Sarrionaindiak.

Batzuentzat, bistan da, beti izango gara errudunak.

Bilatu