Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Gerra eta bakea

Gerra guztietan bezala, galtzailea beti bera da: herritar xumea. Sen inperialista dutenek egiten baitute gerra herritarren bizitzen gainetik, herritarren ametsak eta itxaropenak suntsitu arte

Ukrainako egungo gerra (edo inbasioa?) elektroshock bat izan da gerraz eta nazioarteko geopolitikaz fitsik ez dakigun herritarrontzat. Desinformazioa gailendu da eta ez da erraza lastoa eta bihia bereiztea. Zein dira Ukraina peoi baten antzera mugitzen duten esku ikusezin horiek? Noren atzaparretan geldituko da azkenean? Libreki eta demokratikoki erabakiko al du Ukrainak bere etorkizuna? Zalantza asko eta ziurtasun gutxi ditut, mundu multipolarra sortzera ei doan honetan.

Alde bateko zein besteko inperialismo guztiak dira arbuiagarriak, gerra ere kapitalismoaren tresna bat baino ez baita, kapitalaren akumulazioa ziurtatzeko, merkatu eta lehengaien kontrolarekin jarraitzeko.

Clausewitzen arabera, gerra politikaren jarraipena baino ez da, beste bitarteko batzuekin. Aldiz, Foucaltentzat politika da gerraren jarraipena; gerra egiteko beste modu bat da politika. Era batera edo bestera, gerra guztietan bezala, galtzailea beti bera da: herritar xumea. Sen inperialista dutenek egiten baitute gerra herritarren bizitzen gainetik, herritarren ametsak eta itxaropenak suntsitu arte.

Gerra irudiak lazgarriak dira pantailatik so eginda ere. Aurretik beste herrialde batzuk legez, Ukrainak Gernika handi bat dirudi. Herritarren exodoak ez du etenik. Saminak ez du aberririk. Heriotza sumatzen da irudietan, nahiz eta ez den ikusten. Eta albo-kalteak mundu guztira hedatuko dira; gerra nuklearraren mehatxua hor da, gerra hotza gori-gori dago eta bakeak betiereko gerra hibrido bat ematen du munduaren jabe direnen eskuetan.

Putin Jainkoaren mirakulu bat da, Mendebaldeko balioen kontrako gerra santua darama, Errusiako Kiril patriarkaren hitzetan. Erlijioaren zuztarrak ere hor dira. Gerra badakigu zer den, baina bakea zer den zehaztea zailagoa da. Tolstoiren «gerra eta bakea» liburuko galdera existentzialek bizi-bizirik jarraitzen dute gerraren gordintasunean. Nola esan, ez naiz ez optimista, ez pesimista. Tragikoa da nire ikuspuntua.

Hegelek historia hiltegi handi bat zela zioen. Eta gu arkumeak bagina legez garamatzate bertara.

Bilatu