Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Hemen, Frantzian

Egun, aldiz, XXI. mende honetan, bertako moroak bezala gabiltza; bertako maputxeak, uigurrak edo amerindiarrak gara

Destino petrala benetan gurea. Donibane Lohizuneko bestetan Jean Louis Iratzoki euskaraz mintzo zelako erasoa izan da, peronea eta orkatila hausteraino. «Hemen Frantzian gaude» edo «zer da hitz egiten duzun patois hori» oihukatuz oldartu zitzaizkion auskalo zein demokraziatako, zein gehiengotako jende klase bat. Izan ere, hizkuntza hegemonikoa –ideologia hegemonikoa, erran nahi baita– demokraziarena da beti, hizkuntza gutxitua berriz tiraniarena, barbaroena, ezgai diren horiena.

«Hemen Frantzian gaude», oihu egin zien ere uztailaren 14an Donibane Lohizuneko auzapez jaun txit gorenak manifestariei, hatz erakuslearekin erdeinua egin eta herriko etxean,  bere Bastilla partikularrean, gorde aitzin. Hemen, egia da, Frantzia baino ez baitago, bere «côte basque» ederrarekin, bere lauburu eta ikurrinekin, bere «force basque» eta “Txoria txori” kantu zoragarriarekin. Basque sentitzeko modua da; gainontzean ez da besterik behar, kanpoan «fier d’être basque» agertuko baitira, baina etxean frantziar jakobinoak dira. Zer da Euskal Herri hori edo euskara mintzatu nahi hori ? Utikan txokokeriak eta ameskeriak; hemen hizkuntza bat eta nazio bat besterik ez dago. Aberri handia Frantzia da; aberri txikia, Euskal Herria. Euskaraz baizik ez zekiten haiek «morts pour la Patrie».

Egun, aldiz, XXI. mende honetan, bertako moroak bezala gabiltza; bertako maputxeak, uigurrak edo amerindiarrak gara. Erakusgai gara geure mutxiko dantza, gizonezko koral eta pilotarekin. Herri aparta zinez Pays Basque hau. Kortsarioen Donibane Lohizune burges hau, bere Gambetta eta Thiers karrikekin, bere Louis XIV. plazarekin. Ideologia hegemonikoak ez du inoiz bere burua zalantzan ematen, demokrata izateko modua tatxarik gabea da, baina  «Demokrazia besterik gabe, gutxiengoen hiltzaile ere izan daiteke eta erabat gehiengoa», zioen Bittoriano Gandiagak.

Glotofobia gero eta agerikoagoa da. Hizkuntza gutxituen erailketa programatuak aurrera jarraitzen du. Eta, helas, Donibane Lohizuneko gertakariok euskararen autopsiarako beste froga bat baino ez dira.

Bilatu