Bosgarren iraultza teknologikoaren ostean, metabertso edo errealitate birtualak gure ametsen trafikatzaile bihurtu dira. Hiperkonektatuta ez ezik hipermedikalizatuta, hiperinformatuta, hipersexualizatuta, hiperesplotatuta edo hiperestresatuta bizi gara. Iduri luke urrutiko aginte batek telegidatuak garela, ez garela geure bizitzen gidoilariak. Kapitalismo «hiper» honek presaka bizitzera bultzatzen gaitu, pentsatzeko eta egiazko gauzei arreta eskaintzeko beharrezkoa dugun lasaitasuna lapurtzen digu. Hiperkontsumoaren amaigabeko gurpil zoro honetan, gero eta hiperazeleratuago bizi garela agerikoa da, egun bizirauteko modua bilakatu dela esan daiteke. «Hiper»aren jopu bihurtu gara, helas.
Finean, kontua da ez gelditzea inoiz; hiperaktiboa izatea. Gaur egun ez da aski zoriontsua izatea, batzuk hiper zoriontsuak dira, lagun batek esan zidan bezala. Azken buruan autoerrealizatzea dugu helburu, estimuluak sentitzea, errendimendua ateratzea gure egunerokotasunari. Like edo Story bakoitzarekin emozioak monetizatu eta berehalakotasunari zukua ateratzea. Zeri ihes egiten diogu ordea? Bizitza errealaren erlaitzean etorkizuna ilusio optiko bat eta oraina zehaztu ezin den enigma bat direnean?
Aldez edo moldez, kapitalismo bipolar honen zurrunbiloan denboraren bidazti bilakatu gara. Efimeroaren tiraniak bizi gaitu, eta bizitzeko beharrezkoa dugun denbora bitala digu ezabatzen. Denborak, nolabait esateko, memoriarekin lotzen baikaitu; abiadurak, aldiz, ahanzturarekin.
Denbora aitaren batean doala dugun sentsazioaren adinean sartuta gaudenok eskufrenoa gero eta gehiago erabiltzen dugu; ez denbora gelditzeko, ezinezkoa delako, sartu gaituzten abiadura handiko jendarte honetatik jaisteko baizik. Geure denboraz jabetzeko. Akaso garrantzitsuena ez baita aurrera egitea ito beharrean, nora joan nahi dugun jakitea baizik. Ez dago aditua izan beharrik. Denborarik gabe ez dago ezer, denborak ontzen ditu intxaurrak eta patxadak ematen dio bizitzari bere neurria.
Erran zaharrak dioen bezala: «Dena itzultzen da, denbora izan ezik». Horra.