Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Hispanitatearen ezpalak

Espainiaren oinarri katoliko eta kristauak bizirik dirau eta «batasunaren kontzeptu mito-patologikoa», Joxe Azurmendik esango lukeen bezala, agerikoa da.

Kristobal Kolon 1492. urtean Bahametako artxipelagoan dagoen Guanani irlan lehorreratu zen, Ameriketako zein Espainiako zubi kulturalari hasiera emanez, gaur egun arte irauten duen zubi kulturala» irakurri dut Wikipedian. Eta, jakina, larrugorritan zebiltzan jende basa hura (indigena komunistak egun, Ayusoren hitzetan) ebanjelizatzen eta zibilizatzen hasi ziren beraien onbeharrez. «Gizateriaren historiako momenturik garrantzitsuena da hispanitatearena», diote.

Ohituak gauzkaten burgoikeriaz mintzatu ziren lehengo astean alderdi popularreko buruak, eguzkipe honetan Espainia beste naziorik ez balego bezala. Hala, Espainiak eragin kalteengatik barkamena eskatzea anakronismo hutsa da eta, gainera, aurrera begiratzeko momentua da. Eta gauzak nola diren Casado, zerutik Jainkoaren agindua jaso izan balu bezala, erabat estasiaturik, esku zuriekin (garbiekin esan nahi ote zuen?) eta bihotza Espainiaz maiteminduta mintzatu zen, diskurtsoari ukitu poetikoa emanez. Sarkozy Frantziako presidente ohi eta kondenatuaren kudeaketa ona nahi luke beretzat (bejondeiola!); Puigdemont ekarri nahi du etxera, hau da, Audientzia Nazionalera; eta hori bai, memoria historikoaren legea ere deuseztatuko du, iraganarekin bazterrak nahasten ibiltzea eta gorrotoak piztea ez baita ona. Eta gaztelera ez den beste hizkuntzen kontu hori txatxukeria baino ez da. Batasun sakrosantua haustera datoz periferiako hizkuntzak. Berak Espainian sinisten baitu eta horretarako konstituzionalismo militante berri bat proposatzen du. «Leialtasun eza ez da sariztatzen edo negoziatzen, derrotatu egiten da».

Espainiaren oinarri katoliko eta kristauak (teokratikoa ia, esatera nindoan) bizirik dirau eta «batasunaren kontzeptu mito-patologikoa», Joxe Azurmendik esango lukeen bezala, agerikoa da. Hau da Jainko bat, errege bat, lege bat eta hizkuntza bat. Kitto. Hori ukiezina eta ukaezina da. Aznarrek argi eta garbi utzi du: Espainia nazio bat da, ez estatu plurinazionala, ez multinibela, ez eta «ni la madre que los parió». Amen.

Talibanak diogu gero.

Bilatu