Iaz milaka migrante iritsi ziren Irunera eta horietako bat zen Abdulaye Kulibaly, hemezortzi urteko gazte ginearra. Bere osabak esan bezala formatu eta lan egin nahi zuen, besterik gabe. Askorentzat igaro beharreko azken pasabidea da Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga harresitua. Baina Europar Batasunak eta bi Estatuek frontera militarizatu bihurtu dute pasabidea. Kontrol arrazistak ezarriz polizia xaxatzen dute migratzaileak ehizatu eta, bide batez, hauei laguntzen dieten herritar sareak kriminalizatzeko. Jazarpen eta atxiloketekin elkartasun sarea hautsi nahirik.
Elkartasunak, ordea, ez dauka mugarik, elkartasuna harrapatu ezin den sentipenik sakonena baita, nekropolitika eta hipokrisia guztien gainetik ez baita arrazoirik behar behar duenari eskua luzatzeko. Elkartasuna keinu prepolitikoa da erabat. Ez da ez saltzen, ez erosten. Eman egiten da. Jende txiki ugarik, leku txikietan gauza txikiak eginez, Eduardo Galeanoren eran esanda, saretzen den amarauna da.
Hedabideetan irakurri eta entzun daitekeenaren kontra, hau ez da migranteen krisia, borondate faltaren krisia baizik. Kendu ditzagun bendak begietatik. Ohituak ginen agian Lampedusako, Lesboseko edo Calaiseko gertaerak ikusten. Baina Mediterraneoa Bidasoa ibairaino heltzen da, gure kontzientziak zipriztintzen ditu. Ilegalak direla diogu, papergabeak, baina etorkizun hobeago batekin egiten dute amets eta amets hori gauzatzeko prest dira edozertarako. Bizitza bertan uzteraino. Baiona dute helburu eta helbide, indarrak hartu eta aurrera egiteko.
Zemmour, Le Pen, Abascal eta enparauen ideologia xenofoboa belar txarraren antzera zabaltzen ari den honetan, Euskal Herriak harrera herria izan behar du. Ezin dugu deshumanizazio horretan erori. Besteari lekua egingo dion jendarte baten aldeko hautua egin dugunontzat ezin dugu migrazioa eta heriotza naturaltzat hartu.
Bazterkeria arrazistaren aurrean, jende txikiok, itxaropenari pasabide humanitario bat ireki diezaiogun Abdulahk, Ibrahimak, Assilak, Nabilak, Adamak eta gainontzekoek bizitzan aukera bat izan dezaten.
Inor ez da ilegala
Kendu ditzagun bendak begietatik. Ohituak ginen agian Lampedusako, Lesboseko edo Calaiseko gertaerak ikusten. Baina Mediterraneoa Bidasoa ibairaino heltzen da, gure kontzientziak zipriztintzen ditu.
