Cebek-ko ugazaben ugazaba den Iñaki Garcinuñok esan du “Faktoria”-n. Batzuetan beharrezkoa ei da kaleratzea, mingarria bazaio ere, itsasontzia salbatzeko ezinbestekoa da langileak kaleratzea. Ordu sindikalak ere gehiegizkoak zirela esana zuen lehenagotik. Lanik ez egiteko eufemismotzat (hitza berea da) hartzen ditu ordu sindikalak. Adatsa ongi orraztua eta gorbataren korapiloa nikelaturik daraman ugazaben ugazabari ez zaio laket ere sei hilabetez kaleratzerik ez egiteko hartu den erabaki boltxebikarra. “Itsasontziak du lehentasuna” esan du.
Neoliberalismoaren errezeta zaharrak beti erabiltzen ditu langileak doitze aldakor modura; krisiaren aitzakiarekin edo gabe hor dira beti proletarizatutako langileak trukerako txanpon gisa; hots, azpikontrataturiko bizitzak sinatu beste hauturik ez duten “animal laborans” horiek. Dibidenduen jackpot-a ala langileak. Hautua azkar egina da. Klase interesak lehenbizi. Ahaztu dira patronalak bere garaian aurkeztutako “enpresaren kultura berria” edota “hirugarren bidea” deituriko kontzeptu edo “proiektu partekatuak”. Zeinean denek batera, norabide berean egiten duten arraun, zeinean ez dagoen ez ugazabarik, ez langilerik.
Ederra da, noski, itsasontzia salbatzearen metafora aterberik falta ez denean, ura eta argindarra falta ez direnean, hipotekak lepoa estutzen ez duenean. Pentsamendu aurredemokratiko eta ultrakontserbadorea duen ugazaba batentzat monopolyan jolastea bezala da. Dadoak eta fitxak nahieran mugitzen ditu ez dakielako zer nolako haustura psikologiko eta emozionala eragiten duen langilearengan, zenbaterainoko min demokratiko eta soziala dakarren herri edo eskualde batentzat.
Biolentzia sozialaren kronifikazio honen aurrean Iñaki Garcinuñok ez du langile kaleratuaren deklinabidea ezagutzen eta, Arantza Tapiaren bedeinkazioarekin, doikuntzak (horra eufemismoa) egin eta itsasontzia salbatzen ahaleginduko da.
Urte berri on, lurrean kondenatua zaren langile tristea.
