Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

«J’accuse»

Gaur epaituko dituzte Baionako auzitegian Ipar Euskal Herrian aski ezagunak diren zazpi kide. Denak elkarte ezberdinetan inplikatuak dira eta haietarik lau LABeko kideak dira. Emile Zolaren «Nik akusatzen dut» aldarriak indar semantiko berritua hartu du, migranteen aurkako politika hiltzaileak salatzeko asmoz.

Korrikaren karietara 36 pertsona migranteri muga zeharkatzen lagundu izana leporatzen diete auzipetuei. «Talde antolatuan egoera irregularrean diren pertsonak lurraldean sartzea» deitzen zaio kode penalean. Ezaguna zaigun mantra da aspaldidanik parajeotan. Baina asumitua eta aldarrikatua dena, laguntza ematea eta heriotzak saihestea senak agintzen duen betebeharra baita. Izen-abizenak dituzten 9 hildako ditugu dagoeneko Bidaso aldean.

Poliziaren jazarpenak, kontrol arrazistak eta kriminalizazioak eguneroko ogi bihurtu dira, baina elkartasuna amaraun baten antzera eraikitzen da. Eta badakite sare hori hor dela, bizitzak merkantilizatzen dituen Europa gotortuaren baitan badakite Euskal Herria harrera herria dela, baina jazarpenak ez du etenik. Ahaleginak ahalegin, gaur ez bada bihar, desesperantzari aurre egin eta elkartasunaren amaraunak hor segitzen du, ordea. Migrazioa eta heriotza normalizatzea da migrazio politika hauen logika, pateran abiatzen denak uler dezan bizitzaren eta heriotzaren arteko mugan beraiek erabakiko dutela nork hil behar duen eta nork ez, bizitzen jarraitzea ez dela haien esku.

Gaur epaileak zigortu egingo ditu zazpi kideak, legearen arabera delitua egin dutelako, baina lege bat justua ez bada lege, hori desobeditzea betebehar bat da. Hala zioen bederen Mahatma Gandhik. Horixe baino ez dute egin epaituek, legea desobeditu, bizitzak lehenesteko. Galdera berez dator burura. Nork epaitu beharko luke nor orduan? Eta beste bat. Gure gizatasuna hiltzen uzteko bezain odolgalduak ote gara?

Gaizki esan dut, gaur epaileak epaitu egingo ditu auzipetuak, baina epaituek beraiek akusatuko dute frantziar Gobernua politika hiltzaileak ezartzeagatik. Herriak jada absolbitu ditu auzipetuak.

Bilatu