Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Memoria txatalak

Irailak beti dakar nahitaez akordua gure memoriara. Egunak mozten ari dira eta okre kolorea nagusitzen doa. Morkotsak adarretatik erortzen hasi dira, orbela bidezidorretan pilatzen. Eta orbelaren antzera pilatzen zaigu memorian iragan hori, oraindik iragan ez dena edo orainean irauten duen iragan hori. Baina ez da nahikoa iragana edukitzea; iragana eta memoria ez dira gauza bera.

Irailak beti dauka Irailaren 27a. 50 urte, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, FRAPeko kideekin batera. Beti dakar Burgos eta Cerdanyolako oroitzapena. Txikiren irudia Che Guevararen kamisetarekin. Baita bere gorpua ere hilkutxaren barruan ere, sudurretik odola dariola. Fusilatzeko erabili zituzten sei balazorroak ere bai (Beneditarren fundazioan gordetakoak). Irailak berekin dakar Otaegiren argazki irribarretsua ere. Kuadrillarekin jai giroan ateratakoa. Bien begirada ikonikoak interpelatu egiten gaitu. Etorkizunari begira daudela dirudi. Irailak beti dakar Auteren doinua, goiz-albaren ondotik etorriko den gau luzeenari abesten. Txiki Mikel anaiaren aurrean hil zuten “Eusko gudariak” kantatzen eta irribarrea ezpainetan zuela. Otaegi bakarrik zegoen Burgosko hormatzarraren aurrean hil zuten egunean. 

Irailak beti dauka Irailaren 25a. 40 urte, Monbar hotelean GALek lau euskal errefuxiatu hil zituela. Xabin Etxaide, Agustin Irazustabarrena, Inaxio Asteasuinzarra eta Jose Mari Etxaniz. Iraila Monbarreko gorpu haiek odol putzuetan maindireekin estalita ikustea da. Mugan Guardia Zibilak gorpuak bahitu zituela gogoratzea da. Zestoan greba egun zabala izan zela. Irailak Kortaturen “Campanadas a la muerte” kantuaren oihartzuna dakar. Gerra zikinaren hilkintza. Estatu aparatuen inpunitatea. 

Alonso, Andueza, De Andres eta enparauek beren errelatoarekin jarraitzen duten bitartean, Magda Oranichek, Txikiren abokatuetako batek –azken besarkada eman zionak–, Txikirekin izugarrikeria egin zutela dio. Jurisdikzio militarra ez zela mundu honetakoa. Mendeku hutsa izan zela. 

Iraila da gure oroiminean. Eta oroimena, gure mendekurik behinena.

Bilatu