Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Memoriaren mapa

Gehienetan galtzaileek, ahaztuek eta izen gabeek osatzen duten errealitatea da guregana heldu ez den errealitate hori. Memoriak hutsune hori, iraganeko itzalean gelditu den hori, gaur egunera ekartzen du.

Oroimena omen gara eta oroimenak egiten ei gaitu, ez dago oroimenik iraganik gabe, ez dago ez orainik ez gerorik. Nire memoria izen propioz eta leku-izenez josita dagoen maindire bat bezalakoa da eta hor daude, esate baterako, Txabi Etxebarrieta, Xenki eta Murgi, Txiki eta Otaegi, Lasa eta Zabala, Xabin Etxaide, Naparra, Joseba Arregi, Lutxi Urigoitia, Susana Arregi, Jon Anza, Popo, Anuk, Kotto... edo Burgos, Sardanyola, Benta Haundi, Bussot, Monbar, Morlans, Irunberri, Pasaia, Purpan... Nire inkontziente kolektiboan txertaturik dauden izenak dira. Nire oroimenaren mapa osatzen dute gutxi-asko.

Egiak justiziarako oinarri izan behar badu, kontakizunak ikuspegi integratzailea izan beharko luke, itzaletik argira egiten duen egiak emango baitio kontakizunari haren osotasuna, haren egiazkotasuna, memoria poliedrikoa izan dadin, ez isilarazia, akastuna zein manipulatua. Adituek diote oroimena garela, oroimenak egiten gaituela, baina batez ere daukagun oroimena garela eta oroimen horrek kolektiboa, eraldatzailea eta eraikitzailea izan behar duela. Ahanzturaren aurkako ariketa kolektiboa, azken finean.

Hala dio, bederen, Maria Urbanczyk adituak. Iraganeko zauriak eta saminak ixten joateko ezinbestekoa ei da partekatua izango den memoriaren kultura bat osatzea. Etengabe eraikitzen doan memoria. Memoriarentzat errealitatea ez da dagoena bakarrik, ez dagoen horrek, itzalean gelditu eta kontatu gabe gelditu den horrek, hots izan behar zuen hark ere, osatzen du errealitatea haren ustez. Gehienetan galtzaileek, ahaztuek eta izen gabeek osatzen duten errealitatea da guregana heldu ez den errealitate hori. Memoriak hutsune hori, iraganeko itzalean gelditu den hori, gaur egunera ekartzen du.

Zoritxarrez, oraindik errealitate asko daude itzaletik argira egin nahi dutenak, egia asko daude isilarazita eta giltzapetuta artxibo sekretuetan. Baina gure oraina eta geroa, hein handi batean, gure memoriak osatzen dituenez, belaunaldien arteko memoria osoa eta partekatua osatzea alboratu ezin den legatua da. Etorkizuna genuke irabazteko.

Bilatu