Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Omikron frantziarra

Eta okerrena ez da Eric Zemmour bera, okerrena da boz andana jasoko dituela. Baina are okerragoa da zergatia galdetuta telebistan agertzen delako esaten dutenean. «Voilà»

Ikuskizuna ziurtatuta dago. Eric Zemmour polemista eta ultraeskuindarra presidentegai izango da heldu den urteko hauteskundeetan. «Errekonkista» deituko da bere alderdia. Marin Le Pen ultraeskuindar otzanduari, Omikron aldaera bailitzan, are kutsakorragoa den aldaera ultraeskuindarra atera zaio plato eta hedabide guztiak kanibalizatuz. Inkestetan apur bat behera egin arren, foku guztiak bere gainean ditu beti. Konplexurik gabeko doxa da berea eta ahoan bilorik gabe hitz egiten du diskurtso ultraeskuindarrari turboa sartuz, ohiko klixe politikoak erabat astinduz.

Polemistari Trump frantziarra deitzen diote, errepublikarra da hizki txikiz, baina frantziarra hizki larriz. Frantziar frantziarra, erran nahi baita. Hots, bene-benetakoa, egiazkoa. Oso da patriota, hainbesterainokoa ezen  Petain mariskala goresten duen facho bat  baita zentzurik zabalenean. Frantzia gainbeheran dago, kaosa da nagusi eta apokalipsia ez da urrun “Suizidio frantziarra” edo “Ordezkapen handia”-ren egile honentzat.

Orain galtzera utzitako Frantzia hori «birkonkistatzera» dator. Ez du gehiago bere haurtzaroko Frantzia benetako hura ezagutzen. Arrotz sentitzen da bere herrian. Musulmanak, arabiarrak eta beltzak baino ez ditu ikusten kantoi guztietan. Obsesio patologikoa du ordezkapenarena. Feministak ere jo puntuan ditu beti. “Lehen sexua” liburuan, Simon de Beauvoirren “Bigarren sexua”-ren kontra egin zuen, maskulinitate harkorraren apologia egiteko. Emakumeek gutxiago irabazten badute beraiek nahi dutelako da eta jendartea feminizatzen ari delako kezkaturik da gure gizona.

Aldez edo moldez, eguna joan eguna etorri, Zemmourren telekronika irentsi behar izan dugu. Eta okerrena ez da Eric Zemmour bera, okerrena da boz andana jasoko dituela. Baina are okerragoa da zergatia galdetuta telebistan agertzen delako esaten dutenean. Voilà, telebistaren bidez Zemmourren irudiak haragiztatzen du ideologia ultraeskuindarraren normalizazioa. Eta, jakina, dena da egia, lehengo zaharrek zioten eran, «telebistan esan dutelako».

Bilatu