Mikel Ibarguren
Mikel Ibarguren
Idazlea

Opor osteko depresioa

Lipovetskyk zorion paradoxala deitzen dio egungo kontsumo jendarteari, ustez zoriontsu baina, era berean, depresiboak garelako.

Ikerketa batzuen arabera, ekonomialariek diote adinean zenbat eta aurrerago egin zoriontsuagoak izango garela. Psikologoek, aldiz, ezetz diote. Inoiz ez garela zoriontsuak izango.

Platon eta Sokratesentzat zoriontasunak iraunkortasuna izan behar du. Zoriontasun aristoteliko zein epikurotarrak zoriona printzipio edo hedonismo arrazoitu modura ulertzen dute. Pascal eta Spinozarentzat, aldiz, Jainkoarekin lotua da, Spinozarentzat Jainkoa natura bada ere. Hiponnako Agustinentzat bezala, zoriona beti Jainkoaren bidetik datorkigu. Filosofo estoikoentzat bertutea izatea, bizitzan zuzen jokatzea, da zoriona. Erlijio judeokristauak paradisu galduarekin lotzen du zoriontasuna; zoriontsu izan gaitezke, Jainkoa gogoan badugu.

XII. mendean plazerezko amodioa zoriontasunaren nozioan barneratzen hasiko da; XVIII. mendean zoriona «ideia berri» gisa kontsideratzen da, ideia burgesa da eta familia nuklearrarekin lotua da. Thomas Morek "Utopia"-n zoriontasun publikoa aipatzen du, gerora utilitaristek zorion kolektibo gisa garatuko dutelarik. Kanten arabera, aldiz, bakoitzak bere zoriona bilatzen du, zorion indibiduala da; Nietzscherentzat zoritxarra ere besarkatzen duen bizi-indarra da zoriontasuna. Tolstoirentzat, Pierre Rabhirentzat bezala, bizimodu sinple eta kontziente bat eramatea da zoriontsu sentitzeko bidea. Freudentzat borondate inkontziente eta konpultsiboa baino ez da zoriona. Robespierrek zioen gizakia askatasunerako eta zorionerako jaio dela. Lipovetskyk zorion paradoxala deitzen dio egungo kontsumo jendarteari, ustez zoriontsu baina, era berean, depresiboak garelako. Eva Illouzek, berriz, «happykrazian» bizi garela diosku eta zoriontasunaren industria ideologia neoliberalaren zerbitzura ei dago. Pentsatu gabeko zorionean edo zorionik gabeko pentsamenduan bizi gara, haren ustez. Camusek Sisifo zoriontsu irudikatzen du, bizitza absurdoa den arren. Marxek langilea lanean pozik ote den galdetzen du.  

Zer nahi duzue esatea. Ados naiz Andre Gorzekin, soldatapeko lan alienatzailea abolitu beharko litzateke.

Bilatu